SAKANAK ELKARLANA ETA AHALEGINA MEREZI DITU

Abian da Sakanako Behatoki Sozioekonomikoa lehenengo helburuak eta prozedurak adosten

Pasa den astearte honetan Sakanako Garapen Agentziak, Cederna-Garalurrek eta Sakantzen Sareak luzaturiko deiari erantzunez, Sakanako gizartearen ordezkaritza zabal eta anitza elkartu zen Behatoki Sozioekonomikoaren lehen bileran.

“Hausnarketa eta elkarlan baten beharra dago Sakanan bere etorkizunari forma ematen hasteko”, dio Iker Manterolak Sakanako Garapen Agentziatik. SAKANTZENsareko Joseba Garmendiaren hitztetan “eragile ezberdinak bilduko dituen hausnarketarako marko bat beharrezkotzat jotzen dugu. Sozio-ekonomia Behatokia oso tresna baliotsua izan daiteke”.

Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetak esan zuenez, haiek erabakia dute Nafarroa Mendialdeko agente sozio-ekonomikoen parte hartzea elkartearen funtzionamenduan integratu beharra. “Nafarroako Mendialdeko eskualdeek bere nortasuna dutela ikusita, norberaren berezitasunetara egokitzea dagokigu. Gure ustez Sakanan aukera hau Plan Estrategikoaren bidez etor daiteke”, esan du. Horregatik onartu du Cederna Garalurrek Sakanako Garapen Agentziaren eta Sakantzen Sarearen proposamena.

Guztion helburuak

Dendari elkarte, enpresari elkarte, toki-administrazio, ikastetxeetako ordezkariak, alderdi eta sindikatuetakoak, gizarte zerbitzuetako eta ekonomia sozialeko enpresetako kideak elkartu ginen asmo argi batekin: Sakanaren etorkizuna nora bideratu nahi dugun hausnartzen hastea.

Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu jasangarritasun sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan oinarritutako enplegua sortzea, pairatzen dugun langabezi altuari aurre egiteko.

Bileran zehar, azterketa eta hausnarketa lau arlo estrategikoetan sakontzea adostu zen: turismoa; lehen sektorea eta elikagai-industria, industria eta enpresa-zerbitzuak eta energia (biomasa, energia eraginkortasuna eta, horrekin lotuta, eraikuntza). Gainera, lan ildo horietan guztietan zeharka hezkuntza eta komertzioa lantzeko konpromezua hartu zen.

Lan taldeak

Adostutako, lan ildo estrategiko bakoitza sakonean lantzeko 10-15 bat pertsonez osatutako lantalde bana sortzea erabaki zen. Horretarako arlo zehatz bakoitzean arituak edo adituak izan eta ekarpenak egiteko borondatea duten pertsonak biltzea litzateke hurrengo pausoa.

Lan talde hauek, sektore bakoitza aztertu eta ekintza zehatzak proposatuko dituzte, eta behatokiak proposamen guztiak bildu, eztabaidatu eta adostuko ditu. Plan Estrategikoan parte hartuko dutenek sei hilabeteko langintza dute aurrean.

“Plan Estrategikoak sortu dezakeen eskualdeko agente sozioekonomikoen elkarlan dinamika da guretako garrantzitsuena” adierazi zuten bileraren deitzaileek.

Administrazioari eta enpresei eragin nahi die Plan Estrategikoak, publikoa eta pribatua Sakanaren aldeko elkarlanean jartzea du helburu. “Horrek egitura produktiboa indartu eta herritar guztien ongizatea bultzatuko du”, azpimarratu du Manterolak.

Hurrengo pausoak

Hilabete hauetan egingo den lanari, plangintzak iraungo duen 10 urteetan jarraipena ematea ezinbestekotzat jo genuen deitzaileok. Une aldakor hauetan, 2023. urterarteko plangintzan adostutako ekintzen jarraipena, kontrola eta egokitzapenak adostea litzateke Behatokiaren betebeharra, deitzaileek guztia prozesu bat bezala ikusten baitugu.

Prozesuaren ibilbide guztian, herritarrei informazioa helarazi eta ekarpenak jasotzeko ahalegin berezia egingo da, prozesu partehartzaile baten bitartez eta informazioaren teknologia berriez baliatuz. Denon arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Sakantzen Sareko kideak: “horrek jende gehiago proiektuak martxan jarri eta enplegua sortzera animatu dezake”.

Hauek, etorkizunaren eraikitzeko bidean emandako lehen pausoak dira. Hurrengoe pauso eta ekimen ezberdinei buruzko informazioa laster jakinaraziko dizuegu. MILA ESKER DENOI!

Plan Estrategikoa aurrera eramateko lanek Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren bidez,  ’LGENF’ Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren eta Nafarroako Gobernuaren finantzazioa jaso dute .

FacebookTwitterGoogle+Compartir

Facebook

Twitter