eu | es

SAKANA2020+ Plan Estrategikoa eguneratzen

SAKANA2020+ Plan Estrategikoa eguneratzen
2018ko azaroaren 22, osteguna

2 urte igaro dira 2016an Nafarroako Gobernuak Sakanako Plan Estrategikoari babes ekonomikoa eman zionetik. Laguntza horri esker, azken urte hauetan Plan Estrategikoaren ezarpenak bultzada nabarmena lortu du. Horren erakusgarri dira azken bi urteotan lortutako emaitzak.

Hori dela eta, une egokia da geldialdi bat egin eta begirada altxatuaz orain arteko bideaz hausnarketaratko tarte bat hartzea. Plan Estrategikoaren amaierarako bi urte geratzen direnez, uste dugu beharrezkoa eta egokia dela bide horri buruzko balorazioa egiteaz gain, bidean hartutako esperientzian oinarrituta beharrezko doikuntzak egitea.

Hau kontuan izanda, Sakanako Garapen Agentziatik, Plan Estrategikoa berrikusteko prozesua abian jarri dugu. Bertan, parte hartzeko hainbat gune (instituzionalak eta herritarrak) eta parte hartzeko tresna irekiak ere izango ditu. 2019ko otsailera arte luzatuko den prozesu ireki honetan, orain arte lortutako emaitza nagusiak aurkeztuko dira, Agentziak proposatutako hobekuntza-gomendioak azalduko dira eta erakunde eta herritarren ekarpenak jasoko dira.

Prozesua azaroaren 28an hasiko da Sakanako Behatoki Sozioekonomikoaren bilerarekin. Bertan, 2014-2018 zikloari buruzko Plan Estrategikoaren gauzatze-memoria aurkeztuko da, prozesu osorako oinarria izango dena.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko 3 jardunaldi egingo dira Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzunen, eta parte hartzeko atari bat jarriko da, Sakanako Garapen Agentziaren (www.sakanagaratzen.com) web orriaren bidez. Bertan, Plan Estrategikoaren garapenari buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango da eta erronkei, beharrei eta proposamenei buruzko ekarpenak egin ahal izango dira.

Prozesuan zehar, bilerak egingo dira Sakanako hainbat erakunderekin, sakanako ordezkaritza duten alderdi politikoetatik hasita eta Plan Estrategikoaren garapenean inplikatutako elkarteekin jarraituz.

Foru Parlamentuak 2014ko Plan Estrategikoari emandako babesa kontuan hartuta, legebiltzar-erronda bat ere egingo da, bere garaian babestu zuten Plan Estrategikoaren emaitzak aurkezteko. Bertan Sakanako Garapen Agentziako lantaldeak egindako azterketak eta gomendioak kontrastatzeaz gain, talde parlamentarioek egindako ekarpenak ere jasoko dira.

Urtarrilaren amaiera aldera, prozesuan zehar bildutako ekarpenekin azken dokumentua osatu eta Sakanako Behatoki Sozioekonomikora aurkeztuko da bere onarpenerako.

Azkenik, onartutako azken dokumentua Nafarroako Gobernuari aurkeztuko zaio eta Sakanako Garapen Agentziak gomendio horiek ezartzeko laguntza eta jarraipen lanak hasiko ditu.

Prentsa oharra PDF formatuan deskargatu

Bilatzailea