eu | es

DASTATU SAKANA, Garena Elikatu ekimena aurkeztu dugu

DASTATU SAKANA, Garena Elikatu ekimena aurkeztu dugu
2020ko apirilaren 2, osteguna

Lanketa hau aspalditik datorren arren, lehen pausuak ematen hasi berri da. Egoera berezi hontan, ez-ohikoa erabat, lurraldea saretzen duten egitasmoen beharra eta garrantzia inoiz baino argiago ikusten dugu. Alarma egoeraren erdian, proiektu honen aurkezpena egitea tokatzen zaigu eta, herriko dendek eta ekoizle txikiek egiten duten lanari aitorpena eta esker ona adierazteko modu ezin hobea da.

Gaur egungo elikadura eta kontsumo sistemek oso zaila egiten dute gure inguruan  modu iraunkorrean sortutako elikagaiak gure etxeetara eta mahaietara ekartzea, laborantzarekiko interes eta jakintza falta dela eta, prezioen lehiakortasun bortitza, nahiz merkatuaren globalizazioa eta kontzentrazioa dela medio, eskala txikiko abeltzaintza estentsiboa eta nekazaritza iraunkorra ahultzen doaz eta, era beran, baita herrietako komertzio txikiak ere.

Dastatu Sakanak beste elikadura mota bat bultzatu nahi du, gertukoa, justua eta anitza.

Zertan datza?

  • Ekimen hau aliantza bat da, ekoizpen arduratsua eta tokiko kontsumoa bultzatzeko.
  • Gure eskualdeko abeltzain eta nekazari txikien produktuak herrietako denda eta jatetxeetan identifikatuta aurkituko dituzu irudi honekin. 
  • Zuzenean lurretik zure mahaira.
  • Elkarlanaren bitartez herri bizi eta sostengarriak lortzea du helburu. Ekoizpenarekin arduratsua den kontsumo eredua bultzatzea, elikadura sostengarri, osasuntsu eta justu baten alde eginez.

Zein onura ditu?

  • Kalitatezko elikagaiak eta osasuntsuak: freskoak, garaikoak, garraiatu ez dutenak, modu garbian ekoiztuak, inguruko airea, lurra, bioaniztasuna eta ura zainduz, eskuz eraldatuak, kalitate goreneko lehengaiekin.
  • Ekoizpen eredu jakin bat bultzatzen dugu: tamaina txikiko ekoizpenak, lurraldeari atxikituak, praktika intentsiborik erabiltzen ez dituena, produktu fitosanitarioen erabilera saihesten duena, bertako arrazak mantentzen dituena, paisaia eta lurra zaintzen dituena,…
  • Nekazari eta abeltzainak duintzen ditugu, prezio justuak bermatuz, sektorearen garrantzia aitortuz.
  • Herriari eta herriko biziari onura egiten dion jario ekonomikoa sortzen du.    

Nola parte hartu?           

  • Dastatu Sakana produktuak aukeratuz  
  • Dastatu Sakana-ri atxikitutako denda eta jatetxeen aldeko apustua eginez            
  • Ekoizlea, dendaria edo ostalaria bazara, Dastatu Sakana-ren parte izanez
     

 

Bai dendek eta ekoizleek irizpide batzuk betetzen dituzte: kalitate handiko produktuak izateaz gain, ekoizpen eredu iraunkor bat bultzatzen dute, tamaina txikiko ustiategiak eta dendak dira, bertako arrazak eta barietateak erabiltzen dituztenak, inguruko baliabide naturalak aprobetxatuz, paisaia zainduz eta transgenikorik gabeko pentsuak erabiltzen direla bermatuz.

Proiektua orain jarri da martxan, Sakanako ekoizle eta establezimendu gutxi batzuekin, baina sare honek hedatzeko eta aberasteko xedea du. Informazio gehiago www.dastatu.sakana.eus web orrian: ezagutu ekoizleak, haien produktuak eta non eros daitezkeen: dendak, jatetxeak.

Parte hartzeko interesa duten denda, taberna zein ekoizleak dastatu@sakana.eus helbidera idatzi dezakete. Azkenik, Sakanako herritarrak produktu hauen aldeko apustua egitera gonbidatzen ditugu.

Dastatu Sakana, Garena Elikatuz

Bilatzailea