eu | es

DINABIDE, eraldaketa digitaleko motorra

DINABIDE, eraldaketa digitaleko motorra
2020ko otsailaren 27, osteguna

Sakanako Plan Estrategikoaren barruan, 2016. urtean, Sakanako Garapen Agentzia inguruko enpresa industrialen beharrei buruzko informazioa biltzen hasi zen, sektorearen egoeraren diagnostikoa egiteko.

Sakanako eskualdeko espezializazio adimendunaren identifikazioan, 4.0 industria gorabideko sektoreetako bat izan zen, eta horren ondorioz, lurraldearen eraldaketa digitalari buruzko diagnostikoa egin zen. Nodo 4.0 teknologia gaitzaileen enpresa-taldearen aholkularitzapean, Sakanako 14 enpresak hartu zuten parte, eta gai hauek landu ziren, besteak beste: oinarrizko gaitasun digitalen maila, KET (Key Enabling Technologies/Oinarrizko Teknologia Bideratzaileak ) teknologien ezagutza eta horietako 8tan bide-orri pertsonalizatua egitea.

2016. urtean hasi zen azterketan lortutako datuek, teknologia digitalek eta 4.0 industriak sektorean hartu duten pisu handiarekin batera, DINABIDE proiektua garatzera eraman zuten Sakanako Garapen Agentzia.

DINABIDE, lankidetza gune bat da, Irurtzunen, INASAren lehengo bulegoetan dagoena. Haren helburu nagusia Nafarroako eraldaketa digitala sustatzea da, bereziki Sakanakoa.

Batetik, coworking-gune bat eskaintzen du, eta bertan parte har dezakete teknologia gaitzaileekin lotutako proiektuak dituzten ekintzaileek, autonomoek edo enpresa txikiek.

Horrez gain, DINABIDEn eskaintzen diren zerbitzuez baliatzea erabakitzen duten enpresek teknologia-aukera zabala izango dute, hala nola gehikuntzako fabrikazioko makinak, robotak edo errealitate areagotua. Azken batean, enpresek eta erabiltzaileek proiektuak prestatu eta garatzeko 4.0 teknologiak ditu gune honek. Teknologia horiek erabiltzeko aukerarekin batera, enpresek eta/edo ekintzaileek bekak, prestakuntza-ikastaroak eta ikasgelak alokatzeko zerbitzuak ere jaso ahal izango dituzte.

Azkenik, enpresak eraldaketa digitalari ekin nahi dioten Nafarroako Enpresa Sare batean sartuko lirateke.

 

2020ko Ekintza Plana

Sakanako Garapen Agentziak eta Nafarroako Industria Fundazioak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera, Nafarroako Industria Fundazioak hainbat prestakuntza-ikastaro eskainiko dizkie proiektu honekin bat egitea erabakitzen duten enpresei. Bi prestakuntza mota dira: prestakuntza orokorra eraldaketa digitalarekin lotutako jardunaldi teknologikoen formatuan emango da, eta prestakuntza espezializatua Dinabiden eskura dagoen ekipamendu teknologikoa erabiltzera bideratuko da.

Ezagutzak sortzea, transferitzea eta trukatzea sustatuko da. Horretarako, proiektu honi atxikitako entitateek enpresen arteko eta Fundazioaren eta Sakanaren arteko lankidetza bultzatuko dute.

Azkenik, Dinabidek Coworking gune bat du, 16 plaza eskaintzen dituena ekintzaileentzat eta/edo enpresaburuentzat. Plaza horiek betetzeko, Dinabide bekak Nafarroako Industria Fundazioaren eta Sakanako Garapen Agentziaren bidez zabalduko dira. Erakunde horiek talentua erakartzeko eta beken kostua finantzatzeko 2020. urterako proiektua zabalduko dute.

Bi ekitalditan parte hartuz aurkeztuko da Dinabide:

Otsailaren 28an, Sakanako Garapen Agentzia OTD Challengen egongo da, Nafarroa Arenan, Dinabide proiektua eta fundazioarekin sinatutako akordioa aurkeztuz.

Horrez gain, Dinabideren OpenDay bat ere antolatu da martxoaren 18an, Irurtzunen. Nafarroako Gobernuko ordezkariak, entitate laguntzaileak eta Nafarroako industria enpresak gonbidatuko dira ekitaldi honetara. Instalazio eta makina erabilgarriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute.

Azkenik, aipatzekoa da Dinabideko lantaldeak Sakanako enpresei jarritako erronka. Irurtzunen dauden teknologiak aurkeztuko dira, eta enpresei teknologia horiek probatzeko proiektu bat aurkezteko eskatuko zaie.

 

DINABIDE lankidetza-sarea

Dinabide proiektuaren inguruan ezarritako helburuak betetzeko, Sakanako Garapen Agentziak akordioak sinatu ditu hainbat kide edo laguntzailerekin.

Nafarroako Industria Fundazioa (FIN), Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoarekin (COIINA) batera, ekipamenduaren ezagutzan eta erabileran oinarritutako prestakuntza-eskaintza egiteaz arduratzen da.

Cederna-Garalurrek, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak (CEIN), Sakanako Enpresa Elkarteak (AES) eta Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak (ANEL) tutoretza eta aholkularitza zerbitzuak eskainiko dizkiete Dinabideren inguruari atxikitako enpresei.

Arestian aipatutako laguntzaileez gain, Dinabide proiektuak Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuaren laguntza du, Eskualdeko Plan Estrategikoen programaren bidez.

Erakunde horiekin sinatutako hitzarmenaren helburu nagusiak dira Dinabideren inguruan enpresak sortu, finkatu eta haztea, enpresek enpresei laguntzeko zerbitzu espezializatuak sarean emanez.

Bestalde, entitate atxikiek eta entitate horiek kudeatzen dituzten mintegietan ostatu hartzen duten ekimenek Sakanako Garapen Agentziak emandako eta Irurtzungo Erabide industrialdean kokatutako instalazio eta ekipamendu teknologikoetara sartzeko aukera izanen dute.

Bilatzailea