eu | es

Ekonomia soziala indartzen, tokiko enpresen arteko lankidetza eta komunitatearen ongizatea bultzatzeko

Ekonomia soziala indartzen, tokiko enpresen arteko lankidetza eta komunitatearen ongizatea bultzatzeko
2025ko azaroaren 11, asteartea

Sakanako Plan Estrategikoaren baitan, ekonomia soziala zeharkako ildo estrategiko moduan zehazten da eta azken urteetan hainbat lanketa egin dira bide horretan. Oraingoan Ekonomia soziala indartzeko urrats berria eman da. Horretarako, Sakanan Ekonomia Sozialaren Sustapenerako Akordioa sinatu da, Sakanako Garapen Agentziaren eta Nafarroako ekonomia sozialeko sare nagusien arteko lankidetza hitzarmena.

Akordioa, momentuz ANEL, OLATUKOOP, REAS Nafarroa, eta Sakanako Garapen Agentziak sinatu dute

Helburua,  ikuspegi estrategiko komun baten bidez, ekonomia sozialaren garapena modu koordinatuan eta parte-hartzailean bultzatzea da.

Akordioak bi tresna nagusi izango ditu:

  • Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaia, koordinaziorako eta informazio trukerako espazioa, eta
  • Urteko Topaketak, esperientzien trukea eta sare-lana indartzeko jardunaldia.

Mahaiaren osaeran, erakunde sinatzaileez gain, bertako ekonomia sozialeko enpresek ere izango dute parte-hartzea.
Sakana Kooperatibak eta Bakaikuarrok Kooperatibak, hurrenez hurren ANEL eta OLATUKOOP sareek Sakanan dituzten enpresen ordezkari moduan, mahaiko kide izango dira.
 

Modu honetara, tokiko enpresen ikuspegia eta esperientzia txertatzea eta haien arteko interkooperazioa bultzatzeko ahalegina egingo da.

Hasieran koordinaziorako eta ezagutzarako espazioa izango bada ere, aurrera begira helburua da eragile gehiago biltzea, elkarlana sendotzea eta akordioaren baitan proiektu propioak garatzea

Akordioaren bidez, lan egiteko modu ireki bat abiatu nahi da, eta  momentuz sinatzaileak aipatutako erakundeak badira ere, etorkizunean beste eragile eta enpresa gehiago batzea espero da, ekonomia sozialaren aldeko sare zabala osatzeko. Horien artean, EINA – Gizarteratzeko Enpresen Elkarteak jada interesa agertu du akordiora gehitzeko.

Jarduera hau, Nafarroako Gobernuko Enpresa Sustapen zuzendaritzaren Eskualde Aktibazio planen 2025eko deialdiaren bidez finantziatu da.

Bilatzailea