Sakanako ekonomia sozialeko enpresek mila langile baino gehiago enplegatzen dituzte eta 250 milioi eurotik gorako fakturazioa dute. Datu horiek Ekonomia Sozialaren lehen Mahaian aurkeztu ziren, sektoreak eskualdean duen pisua eta eragina agerian utziz.
Topaketa Dinabide-n egin zen, eta jardunaldiaren helburu nagusia izan zen ekonomia sozialaren eredua eta horrek Sakanan duen inpaktua ezagutaraztea, baita arlo honetan diharduten erakundeen arteko harremanak sendotzea ere. Elkarren ezagutza sustatzea, erronka partekatuak identifikatzea eta lankidetza-ildoak zabaltzea izan ziren ardatz nagusiak.
Ekonomia Sozialaren Mahaia, Sakanako 2021-2027 Plan Estrategikoan jasoa, ekonomia sozialaren arloko erakunde eta eragileen elkarlanetik ekimen jarraitu bat bultzatzeko esparrua izango da. Hau da, topaketa puntual batetik harago, koordinazioa, informazio-trukea eta estrategia partekatua sustatuko dituen egitura egonkorra izan nahi du.
Jardunaldian parte hartu zuten erakundeek beren jarduera eta erronkak aurkeztu zituzten, eta besteak beste honako gaiak azaleratu ziren: talentuaren garapena eta atxikipena, mugikortasuna, zaintzen arloa eta industria-enpresetan belaunaldi-erreleboa. Amaieran, interkooperaziorako aukerak zehazteko eta sare-lana indartzeko gogoeta partekatua egin zen, etorkizuneko urratsak elkarrekin emateko konpromisoarekin.
.jpg)












