eu | es

ELIKADURA EREDUA ETA LURRALDE ERRESILIENTZIA

ELIKADURA EREDUA ETA LURRALDE ERRESILIENTZIA
2020ko maiatzaren 26, asteartea

KPIren datuen arabera, elikagaien prezioen aldatze tasa 2 puntu baino gehiago igo da kontsumitzailearentzat otsailetik hona; Nekazaritzako Prezioen Behatokiaren arabera, ordea, jatorriko prezioak jaitsi egin dira, hau da, ekoizleei ordaindutako prezioek behera egin dute nabarmen. Hona hemen datu batzuk, sektoreka:

  • Esnearen sektorearen kasuan, industria batzuek eragozpen handiak jarri dituzte artzainei esnea biltzeko, esnearen jasotzea murriztu da eta prezioa jaitsi, baita Estatu mailan gazta eta esne-zisternak prezio baxuan sartzen ari zirela salatu ere.
  • Haragiaren sektorean, arkume-ekoizpenaren gorenean, jatetxeen eskaera eten da, eta prezioak jaitsi, baina bakarrik jatorrian. Hau da, artzainak izan dira aurreko urteetako gutxieneko prezioak baino are baxuagoak pairatu dituztenak martxo eta apirilan, salmenta puntuetako prezioa mantendu den bitartean.
  • Antzekoa izan da behi-haragiaren egoera apirilan, larriagoa Identifikazio Geografiko Babestua duen haragiaren kasuan. Identifikatzaile horrek tarte handiagoa eskaini behar lioke ekoizleari, baina errealitatea ez da hori, abeltzainak zentimo batzuk gehiago lortzen ditu kg bakoitzeko, eta, bidean prezioa %25 -a gehiago handitzen da IGPrik gabeko haragiarekin alderatuta.
  • Era berean, martxoaren amaieran ikusi genuen kanpotik inportatutako behi-txuletak, sagardotegien kanpaina elikatu behar zutenak, sare sozialen bidez saltzen zirela 2,90 €/kg-ren truke. Ez dago esan beharrik praktika horiek desleialak direla, eta abeltzainentzako oztopo bat gehiago.
  • Sasoiko produktu freskoen eta barazkien prezioek ere behera egin dute, zainzuri- eta alkatxofa-kanpaina gogorra izan da aurten Nafarroan. Paradojikoki etxeetako kontsumoa handitu egin da, eta prezioak igo dituzte supermerkatu-kateetan.

Kasu horiek guztiak, ez dira anekdotikoak, egiturazko arazo baten adierazgarri baizik. Merkatu global baten adierazgarri, non banaketaren sektoreak eta bitartekariek prezioak markatzen dituzten etekinak kontzentratuz. Gaurko elikadura-sistema kilometrikoa, bidegabea eta, batez ere, oso ahula da, familia-mailako ustiategien jarraipena arriskuan jartzen duena eta gure elikadura, gure lurraldeen zaintza, biodibertsitatea eta baliabideen kudeaketa kolokan jartzen dituena.

Horregatik, tokiko ikuspegi batetik abiatuz, garrantzitsua da gure buruari galdetzea non, nola eta nork ekoizten dituen kontsumitzen ditugun elikagaiak eta nolakoa den hauen balio-katea. Lurraldetik sustatzen den ekoizpen-sare motak eta martxan jartzen diren estrategiek zehaztuko dute lurraldeak aldaketa globalen aurrean erantzuteko duen gaitasuna eta horiei aurre egiteko duen ziurgabetasun-maila. Epe laburrean, hiru erronka nagusi dira elikadura eredu jasangarri eta bidezkoago baterako eraldaketarako ditugunak:

Balio kate orekatuak eta partekatuak

Ondorio positiborik egon bada, gertuko elikagai freskoen kontsumoa handitzea eta zuzeneko erosketaren gorakada izan dira (kontsumo-taldeak, tokiko produktuen saskiak, baserritarrak merkatuan erostea, ekoizleari zuzenean eskatzea, etab.).

Merkaturatze-kanal laburrak funtsezkoak dira bai ekoizleei bai kontsumitzaileei prezio duina ziurtatzeko, bitartekariak eta garraio-kostuak murriztuz eta beharrezkoak ez diren eta kutsatzen duten kilometrajeak ekidinez. Hau da, bidezko eta erantzukizun partekatuko balio kateak beharrezkoak dira, salmenta bide laburrak. Gainera, distantzia soziala murrizten dute, konfiantza eta leialtasuna handituz. Horrek guztiak sektorean eta eskualdean lanpostu duinak eta egonkorrak sortzen eta mantentzen laguntzen du.

Hurbileko merkataritza eta dendak funtsezko eragile dira tokiko merkaturatze-sare horietan. Alde horretatik, Sakanan Dastatu Sakana proiektua jarri da abian, merkataritza eta ostalaritza txikiaren eta ekoizleen arteko aliantza.

Elikagaiak eraldatzeko baliabide publikoak: zatiketa gela proiektu integral gisa

Produktuak eraldatzeko azpiegitura publikoak sortzea eta berreskuratzea estrategikoa da Sakanan; izan ere, baliabide horiek gabe, ezinezkoa da tokiko ekoizpena, eraldatzea eta salmenta-kanal laburrak sustatzea modu egonkor eta eraginkor batean.

Beraz, garrantzitsua da eskualdeko hiltegia mantentzea eta zatiketa gela kolektibo bat sortzea, inguruko abeltzainek beren produktuak prezio duinean eta modu seguruan eskaintzeko aukera edukitzeko. Honek sektorean erreleboa sustatzea eta

Teknologia egokiak erabakitze ahalmena indartzeko

Jendearen ohitura aldaketa handiak gaur egungoa bezalako egoeretan gertatzen dira. Online erosketen gorakada errealitate bat da, aste gutxiren buruan zenbait dinamika bizkortu egin dira. Bitxia bada ere, zuzeneko salmenta egiten duten ekoizleek tresna digitalak aspalditik menderatzen dituzte, hala nola WhatsApp-a, web orriak, etab. Eskaerak jaso eta bezeroen beharrei erantzuteko. Hala erakutsi dute Euskal Herrian Baserriko Plaza bezalako ekimenekin. Hala ere, gaitasun horiek hobetu eta berriak eskuratzea beharrezkoa izango da, ez bakarrik online salmentan, baita komunikazio eta marketin arloetan ere.

Azkenik, epe ertain-luzera ez da ezer ziurra, baina elikagaien hornidura eta ekoizpen sektore bizi bat bermatzeko, tokian tokikotik jarri behar dira horretarako baldintzak eta oinarriak.

Elikadura eraldatzea ez da jaten duguna aldatzea soilik, lurralde-antolamendua aldatzea, balio agronomiko handiko lurzoruak kontserbatzea, ekoizleen lana duintzea, herri-lurren kudeaketa kontzienteagoa egitea, nekazaritza-sektorea indartzeko eta birsortzeko udal politikak egitea eta gertuko kontsumo-sareak bultzatzea da. Tokiko elikadura-sistema baten garapenean inbertitzeak honako hau dakar: fluxu ekonomikoa finkatzea, lanpostu egonkorrak sortzea, lehen sektorean bideragarriak diren bizi-proiektuak sortzea eta, nola ez, osasun publikoa (zuzeneko korrelazioa elikaduraren eta minbiziaren artean, diabetea, obesitatea, klima-aldaketaren ondorioak osasunean…). Ikerketa askok ondorioztatu dutenez, biodibertsitatea zaintzeak pandemien eta zoonosien aurkako txerto naturala ere esan nahi du. Azken batean, gure lurraldeko ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen erresilientzia handitzeaz ari gara.