Topaketaren helburua izan da Goierrin enpresa-erreleboaren inguruan egindako ibilbidea gertutik ezagutzea, baita Gipuzkoa mailan erronka horri modu koordinatuan heltzeko garapen agentzien eta erakunde publikoen artean lantzen ari diren elkarlan-esparrua ere.
Topaketan parte hartu dute Aitor Larraza, Sakanako Mankomunitateko eta Sakanako Garapen Agentziako lehendakariak; Iņigo Arruti, Nafarroako Gobernuko Enpresa Sustapeneko eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak; Pablo Ezkurra, Merkataritzako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak; eta Amaia Arregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak. Halaber, Goiekiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko talde teknikoek beren esperientzia eta orain arte egindako lana partekatu dituzte.
Enpresen jarraipena eta belaunaldi-erreleboa industria-ehunaren sendotasunarekin zuzenean lotutako gaiak dira, bereziki enpresa txiki eta ertainen presentzia handia duten lurraldeetan. Horregatik, Sakanako industriaren biziberritze planak enpresa-erreleboa lehentasunezko lan-eremuetako bat bezala jaso du.
Ezagutza-truke honetatik abiatuta, Sakanako Garapen Agentzia eta Nafarroako Gobernuko Industria Departamentua Gipuzkoan garatutako ikaskuntzak eta metodologiak Sakanako errealitatera nola egokitu eta probatu aztertzen ari dira.
Helburua da enpresa-erreleboari modu prebentibo eta koordinatuan heltzeko aukerak lantzea, Sakanako industria-ehunaren jarraipena eta lurraldeko jarduera ekonomikoa indartzeko.