EINA Nafarroako Gizarteratze Enpresen Elkarteak antolatuta, Lurraldean lanean hasteko enpresak izeneko jardunaldia egin da Irurtzungo DINABIDEn, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Nafar Lansareren finantzaketarekin. Jarduera Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaiaren baitan kokatzen da, eta EINA bera ere mahaiko partaide da.
Topaketan Sakanako oinarrizko gizarte-zerbitzuetako, sakanako enplegu agentzia eta eskualdean lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalek parte hartu dute. Guztiek bat egin dute eskualdean laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen laneratze-aukerak hobetzeko beharrarekin.
Esperientziak ezagutu eta Sakanako aukerez hausnartu
Consuelo Corellak, EINAko koordinatzaileak, gizarteratze-enpresek gizarte- eta lurralde-kohesioan duten eginkizuna azaldu du. Ondoren, Juan Cruz Arguiñarizek, Inserlantxoko gerenteak, enpresaren esperientzia eta hainbat herritan egiten dituzten lanak aurkeztu ditu.
Gizarteratze-enpresek jarduera ekonomikoa eta gizarte-helburua uztartzen dituzte, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei enpleguaren bidezko ibilbideak eskainiz.
Gaur egun, Sakanan ez dago egoitza eskualdean duen gizarteratze-enpresarik, nahiz eta zenbait enpresak bertan zerbitzuak eskaini. Horregatik, jardunaldian eredu horrek eskualdean izan ditzakeen aukerak eta garatzeko beharrezko baldintzak aztertu dira.
Kontratazio publikoa, laneratze-aukerak hobetzeko lehen urratsa
Jardunaldian azpimarratu denez, Sakanan eman beharreko lehen urratsetako bat tokiko administrazioen kontratazio publikoaren bidez eskualdeko pertsonen gizarteratze- eta laneratze-aukerak hobetzea litzateke.
Horretarako, administrazio publikoek gizarteratze-enpresentzako kontratu-erreserbak erabiltzea tresna garrantzitsua izan daiteke. Horrela, enpresa horiek Sakanan jarduera garatzeko aukera gehiago izango lituzkete eta, aldi berean, laneratzeko zailtasunak dituzten eskualdeko pertsonentzako enplegu-aukerak sustatuko lirateke.
Epe luzeagoan, zerbitzuen eskari egonkor batek gizarteratze-enpresen presentzia sendotzea eta, etorkizunean, eskualdean egoitza duen enpresa berri bat sortzeko baldintzak erraztea ere ahalbidetu lezake.
Jardunaldiak EINAren eta Sakanako Garapen Agentziaren arteko lankidetza indartzeko ere balio izan du, Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaiaren esparruan.