eu | es

KOMERTZIOA SAKANAN: ERRONKAK ETA AURREIKUSPENAK

KOMERTZIOA SAKANAN: ERRONKAK ETA AURREIKUSPENAK
2020ko irailaren 30, asteazkena

COVIDaren agerpenak gehien kolpatutako sektoreetako bat zerbitzuena izan da, batez ere jendeari eskainitako zerbitzuak, hala nola txikizkako merkataritza eta turismoarekin lotutakoak.

Merkataritza eta ostalaritza, oinarrizko beste zerbitzu batzuekin batera, oinarrizko faktorea dira udalerrietako bizi-kalitateari buruzko pertzepzioan. Horrez gain, enpleguek pisu handia dute.

2020ko uztailaren 31ko Gizarte Segurantzako afiliazio-datuen arabera, Sakanan, txikizkako merkataritza eta ostalaritza gizarte-segurantzako afiliatu guztien % 18 dira, Nafarroa osoko batez bestekoaren antzera ( % 19).

 

Artikulu honetan, merkataritza-sektorean zentratu nahi genuke, sakanako egoera aztertu eta ekintza-ildo posible batzuk proposatu.

 

Sakanako merkataritzaren aurretiazko egoera


2018an, sakanako Merkatarien Elkartearekin lankidetzan, Sakana eskualdeko merkataritza-eskaintzaren azterketa egin zen.


Azterlan horretan, sakanako merkataritzak honako ezaugarri hauek zituen:

  • Elikadura eta ostalaritza-establezimenduen pisu handia (% 50 baino gehiago)
  • Bezeroak batez ere udalerriko eta eskualdekoak. Bezero gazteenak kontsumo-eredu berriak garatzen ari dira.
  • Eskarmentu handiko merkatariak, baina adinekoak, belaunaldi-erreleborako arazoak dituztenak.
  • Emakumeen presentzia handia, batez ere besteren konturako enpleguan.
  • Salmenten bilakaera negatiboa, oro har; aldaketa handiagoak udalerri handienetan, eta egonkortasun handiagoa udalerri txikietan. Pertsonaren ekipamendua, moda eta oinetakoen sektorean, murrizketa bereziki nabarmena: % 83,3ak salmenten murrizketa adierazi zuen, eta % 16.7k salmentei eustea.
  • Lokala jabetzan edukitzearen ehuneko handia ( % 69,3); alokairuaren kasuan ostalaritza eta drogeria eta lurringintzako establezimenduak dira nagusi. Aldiz, jabetza zerbitzuen sektorean nabarmentzen da (ile-apaindegiak, fisioterapia, hortz-klinikak, albaitaritza-enpresak) ( % 86,7) eta moda, oinetako eta osagarrien sektorean ( % 83,3).
  • Oro har, inkestatuen heren batek negozioa uztea planteatu du, beste heren batek pentsatu du, baina ezinezkoa zaio uztea, eta beste heren batek ondo doakiola uste du.
  • Asoziazionismo eskasa.
  • Saltokien erdiek sustapen eta publizitate-ekintza komertzialak egiten dituzte.
  • Garapen digital eskasa: saltokien %39k web-orria du, %14ak baino gutxiagok saltzen du on-line eta %37ak sare sozialak ditu. Saltokien % 13ak baino gutxiagok ditu fakturatzeko eta kudeatzeko tresnak.
     

Azterlanen bertan, merkataritza-sektorearen zailtasunak nabarmentzen ziren eta mehatxu ziren joera batzuk identifikatzen ziren, hala nola kontsumo-ohituren aldaketak: batez ere on-line merkataritza eta azalera handietako aisialdi-kontsumoa.

 

COVID aren eragina

Alarma-egoerak iraun zuen bitartean, lokalak eta txikizkako establezimenduak itxita egon ziren jendearentzat, premia larritzat jotakoak izan ezik (elikadura, farmazia, prentsa, etab.). Horrek eragin desberdina izan du tokiko merkataritzan:

  • Elikagaien merkataritza: oro har, fakturazioa hornidura-efektuaz haratago igo dela egiaztatu da. Kontsumo horri eutsiaz, tokiko hornidura-kateak sustatu eta tokiko elikagai-sistema indartzeko aukera ikusten da. Konfinamendua igaro ondoren, esan liteke, oro har, salmenta-bolumena murriztu dela, baina COVID aurreko aldia baino handiagoa dela. Salbuespena, ostalaritza eta turismora bideratutako negozioak izango lirateke.
  • Elikagaiez bestelako merkataritza: lehendik ere egoera bereziki delikatua izanik, konfinamenduarekin egoerak okerrera nabarmen egin du. Honek  teknologia bidezko salmenta-kanal berriak sustatzeko edo daudenak indartzearen aldeko apustuak indartzea eragin du. Arlo honetan, negozioen jarraipenerako gakoetako bat jabetza-erregimena izango da, bereziki ostalaritzan, non alokairu-erregimena hedatuago dagoen.

    Konfinamendu irteeratik orain arte, txikizkako merkataritzan oro har salmentek eta enpleguak gora egin dutela ikusi da (NASTAT, 2020ko ekaina). Hala eta guztiz ere, ez da lehenagoko egoera berreskuratu, eta ziurgabetasun handia dago egoeraren garapenari buruz.

 

 

Espero bezala, merkataritza-sektoreko eta, bereziki, ostalaritzako kontratazioak nabarmen murriztu dira, % 41,2 eta % 88,0 hurrenez hurren (Gizarte Errealitatearen Behatokia, 2020).

 

EPE ERTAINEKO JOERAK ETA AURREIKUSPENAK

       Familien kontsumoak bilakaera negatiboa izan du 2020ko bigarren hiruhilekoa , % 2,0 jaitsi baita aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (NASTAT).

 

 

 

Epe ertaineko aurreikuspenak kontuan hartuta, ekonomia eta lan merkatuak susperraldi mailakatua izango luke 2021ean zehar. Langabeziaren gorakadak eta lanaren ziurgabetasunak bere horretan jarraituko dute epe ertainean, eta, beraz, ez da aurreikusten familiek gastua handituko dutenik.

Sakanako merkataritzaren mehatxutzat identifikatutako merkataritza digitalak,  Nafarroan estatu mailako sarbiderik handienetako bat du. Lehendik ere indartsua zen joera honen, oraindik eta indar gehiago hartu du; konfinamenduan zehar salmenta errekorrak lortu ondoren, COVID aurreko hilabeteekin alderatuta hazkunde handia izaten ari da. Nafarroan 2020ko lehen hiruhilekoan egindako inkestan, % 42,3k erosotasuna adierazten du, eta % 39,8k prezio hobea jasotzea aipatzen ditu erosteko arrazoi gisa. Produktuei dagokienez, salmentak hiru esparrutan banatzen dira: arropa, oinetakoak eta osagarriak (% 68.8), informatikako produktuak (% 56,1) eta altzariak (% 47). Azpiegitura teknologikoak eta e-commerce sakanan oso gutxi zabalduak dauden arren, konfinamenduan berrikuntza informaleko prozesuak garatu dira beharraren ondorioz, eta mezularitza mugikorreko zerbitzu ohikoenak erabili dira salmenta-prozesuetarako. Ildo horretan, Sakanako Merkatarien Elkarteak urrutiko salmenta-zerbitzuarekin eta etxez etxeko bidalketa-zerbitzuarekin egindako ahalegin berritzailea nabarmendu behar da. Praktika horien jarraitutasuna aztertu beharko litzateke, baina saltokien eraldaketa digitala sustatzeko aukera bat identifikatzen da, erabiltzaileen egungo gaitasun eta beharretatik abiatuta.

 

ETA ORAIN ZER? HAUSNARKETA BATZUK

 

Sakanako merkataritzak lehendik bizi zuen egoera delikatua kontuan hartuta, gaur egungo egoerak arrisku larrian jartzen du tokiko merkataritzaren zati handi bat eta, horrekin batera, gure udalerrietako bizi-kalitatearen zati bat. Alarma-egoera aktibatu zenetik, hainbat erakundek tokiko merkataritzari laguntza puntuala emateko egindako jarduerak ez dira nahikoak joera iraultzeko eta urteetan behera egin duen sektore baten biziraupena sustatzeko.

Egoera horren aurrean, Garapen Agentziak honako lan-ildo hauek proposatzen ditu:

  • Toki-administrazioen eta elkarte sektorialen arteko lankidetza sakontzea. Egungo epe laburreko lankidetzatik, epe ertain-luzeko ikuspegi eta ekintzetan oinarrituriko lankidetza estrategiko batera igarotzea litzateke helburua. Horretarako, sakanako 2018ko merkataritza-eskaintzaren azterketan marraztu ziren udal-merkataritzako planak har daitezke abiapuntutzat, egungo errealitatera egokitzeko beharrezkoak diren doikuntzak eginez.
  • Eskualdeko eskaria suspertzea: eskaeraren uzkurtzea aurreikus daitekeen einean, beharrezkoa izan liteke eskaria sustatzeko ekimenak garatzea:
    • Eskari puntuala bultzatzea, ala nola udal batzuek sustatutako bonuen edo bestelako ekimen batzuen bidez.
    • Tokiko kontsumoa sustatzea, orain arte egindako sentsibilizazio eta sustapen-ildoetan sakonduz eta tokiko erosketa sustatzeko mekanismo berriak ezartzearen bideragarritasuna aztertuz, Ekhilur kasu.
    • Sakanako merkataritza-eskaintzaren ikusgarritasuna hobetzea.
  • Merkataritzako asoziazionismoa sustatzea. Eragileak elkarteetan antolatzeak adostutako ekintzak definitzea, ezartzea eta horien jarraipena egitea errazten dute, baita merkataritzari laguntzeko politika publikoen eragina handitzea ere.
  • Tokiko merkataritza kanal digitalera egokitzea: tokiko merkataritzak kontsumo-eredu berrietara egokitu beharko du, berezkoa duen hurbiltasuna eta konfiantza emanez, baina on-line saltzeko mekanismoak bere berezitasunetara egokituz. Adostasun zabala dago kanal digitala tokiko merkataritzan gero eta salmenta-zati garrantzitsuagoa izango dela, baina hori denda birtual baten bidez bakarrik egin daiteke? Gure ustez, beharrezkoa da ildo horretan berrikuntzak egitea, tokiko merkataritzaren indarguneetatik abiatuta eta teknologia merkataritza handiaz bestelako modu batean aplikatuz.

 

Bilatzailea