eu | es

Krisien aurrean, Lurralde bizi eta iraunkorrak

Krisien aurrean, Lurralde bizi eta iraunkorrak
2020ko apirilaren 17, ostirala

Adimen kolektiboa sustatzeko proposamena Sakanatik

Oraindik ere, COVID-19 birusak sortutako osasun-krisian murgilduta, egunetik egunera kontzientzia handiagoa hartzen ari gara birus honek izango duen inpaktu sozioekonomikoaz. Etorkizunaren inguruan ziurgabetasuna handia bada ere, egungo errealitateak funtsezko eraldaketa bat biziko duenaren inguruan adostasun zabala dagoela esan dezakegu. Eraldaketa horiek gure komunitateen ongizatean eta garapenean oinarritutako eszenatoki batera zuzentzea guztion ardura dela uste dugu Agentziatik.

Egungo egoera aztertzerakoan, interesgarria da Orkestrak argitaratutako COVID-19k Euskal Autonomia Erkidegoan dituen eragin sozioekonomikoak dokumentua,. Bertan, krisi honen kudeaketan muga lausoak dituzten eta une batzuetan gainjarriko diren bi fase ezberdin identifikatzen dira :

Lehena, erresistentzia-fasea deiturikoa. Fase horretan murgilduta gaude gaur egun, eta pandemiaren aurrean erreakzionatzeko hainbat ekimen garatzen ari dira, epe laburrean ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen. Denbora horretan hainbat lurralde-mailatan, enpresei, beste erakunde batzuei eta herritarrei laguntzeko politika publikoak garatzen ari dira eta bai eta ekimen komunitarioak ere; hala nola zaintza-sareak eta borondatezko produkzio-sareak (makerrak, etab.). Sakana mailan, komunikazio eta lankidetza-bideak lantzea erabaki da, bai maker-sarearen bidez babes-ekipamenduaren beharrei erantzuteko, bai enpresei eta autonomoei zuzenduriko informazio eta bidelaguntza ekimenen bidez.

Osasun-krisiari neurria hartu edo gainditutzean, ekonomia eta komunitateak berreraikitzeko eta berritzeko faseari emango zaio hasiera. Fase horrek lan jarduerara itzultzea eta berreraikuntza/berrantolaketa sozioekonomikoa barne hartuko lituzke. Fase berri honetan lurralde estrategia sozioekonomiko desberdinak egungo errealitate berrira egokitu beharko dira.

Baina, zeintzuk izango dira errealitate berriaren gakoak? Nola moldatu eta jardun ahal izango dugu gako horietan gure lurraldeetatik? Nola eragingo die krisi honek gure eskualdeei? Ze erronka eta aukera berri aurkeztuko zaizkigu? Ze tresna beharko genituzke erronka horiei erantzuteko?

Planteatutako gaien konplexutasunak eta gainera datorkigun krisi berri honek dakarren erronkaren neurriak maila desberdinetako lankidetza eta adimen kolektiboaren aktibazioa eskatzen dute, baina pertsona eta komunitateetan zentratutako etorkizun bat helburu izanik esfortzuak merezi du. Horretarako, Sakanako Garapen Agentziatik gure ekarpena egingo dugu, Sakanatik gai sozioekonomiko desberdinei buruzko gogoetak aldizka argitaratuz.

Nafarroako pertsona, entitate eta eskualde guztiei eztabaida aberastuko duten ikuspegiak, ideiak eta gogoetak partekatzera animatzen zaituztegu.

 

Animo eta #ZainduGaitezen.

#EstrategiaEskualdea

#LurraldeBiziak

#SakanaBizia

Bilatzailea