Pottoka Euskal Herriko zaldi arraza autoktonoa da, eta gure lurraldeko abeltzaintza, natura eta kultura ondarearen parte garrantzitsua. Hala ere, errentagarritasun faltak eta belaunaldi erreleboa bermatzeko zailtasunek arrazaren etorkizuna arriskuan jarri dute.
Erronka horri erantzuteko sortu da PAUSOKA, Pottokaren etorkizuna bermatzeko helburua duen proiektua, ekoizpen eta balorizazio eredu ekologiko, berritzaile eta jasangarri baten bidez.
2026 eta 2027 urteetan zehar, PAUSOKAk Pottokaren balorizazio integrala sustatuko du, arrazaren balio genetiko, historiko, kultural eta ingurumenekoan oinarrituta. Horretarako, ekoizpen ekologiko estentsiboaren bideragarritasuna aztertuko da, haragiaren kalitatea ikertuko da eta balio erantsi handiko produktu berriak garatzeko aukerak ebaluatuko dira.
Proiektuaren berrikuntza nagusietako bat izango da bertako zaldi basati paleolitikoaren ikerketa paleogenomikoa egitea, aztarnategietatik berreskuratutako material genetikoa gaur egungo Pottoken genetikarekin alderatuz. Azterketa horrek arrazaren jatorria, bilakaera eta antzinatasuna hobeto ezagutzeko aukera emango du.
PAUSOKAk iraganetik datorren ondare genetiko eta kulturala etorkizuneko aukera bihurtu nahi du, Pottokaren kontserbazioa, ezagutza zientifikoa eta landa-garapena uztartuz.
Proiektuan parte hartzen dute Kalaskak, Etxarri Aranazko hiltegia, Pottoka Lagunek (Nafarroako Pottoka Hazleen Elkarteak) eta Sakanako Garapen Agentziak.
