Nafarroak 17,2 milioi jasoko ditu 2023ko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planen programaren hirugarren ezohiko deialditik Konferentzia Sektorialak bost proiektu onartu ditu atzoko bilkuran, Nafarroako Jasangarritasun Turistikoaren 2023ko Lurralde Planaren barruan.
Turismoari buruzko Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkurak, Nafarroako Jasangarritasun Turistikoaren 2023 Planean bildutako bost proiektuak onartu ditu. Plan horrek 17,2 milioi euro jasoko ditu 2023ko Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planen ezohiko deialdiaren kargura gauzatzeko. Deialdi hori osorik finantzatzen da Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation EU funtsekin.
Bost proiektu hoien artean Plazaola, Sakana eta Ultzamaldeako Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Plana dago, bost milioi euroko aurrekontua duena.
Aurten hasi eta 2026ko ekaina bitarte Plazaola, Sakana eta Ultzamaldeako Jasangarritasun Planean jasotako jarduera eta proiektuak garatuko dira, turismo helmuga iraunkor, irisgarri eta benetako bihurtzearen helburuarekin. Aldi berean, turismo sektorea eraldatu eta tokiko ekonomian duen pisua handitzen lagundu nahi du.
Plazaola, Sakana, Ultzamaldea Jasangarritasun Plana hiru eskualdeek osatzen duten UGETean (Unidad de Gestión de Espacios Turísticos) landu da, prozesuan hiru eskualdeetako hainbat eragileek parte hartu dutelarik.
Planak hainbat jarduera ditu, horietako batzuk hiru eskualdeen artean lantzekoak izango dira, eta beste batzuk aldiz, eskualde bakoitzaren proiektu propioak izango dira. Sakanari dagokionez, Sakanako ibilbide ziklablearen exekuzioaren aurrekontuaren zati bat, Altsasuko Sakanako Haritzen lurra ibilbidea egokitu eta irisgarria egitea, eta Uharte Arakilgo Itxesi gunean zikloturista eta Donejakue bideko erabiltzaileentzat aterpetxea eraikitzearen aurrekontuaren zati bat aipatu daitezke.
Ebazpena Estatuko aldizkari ofizialean argitaratu ondoren, tramiteak hasiko dituzte aurrekontua Nafarroako Gobernuari transferitzeko.