eu | es

Sakanak Europako mugikortasun esperientziak ezagutu eta partekatu ditu ICONIC proiektuaren topaketan

Sakanak Europako mugikortasun esperientziak ezagutu eta partekatu ditu ICONIC proiektuaren topaketan
2026ko urriaren 2, ostirala

Europako zazpi lurraldek parte hartzen duten proiektuaren baitan, mugikortasun iraunkorraren inguruko esperientziak trukatu dira eta Sakanako diagnostikoaren lehen emaitzak aurkeztu dira.

Sakanak Europako hainbat lurraldetako ordezkariak hartu ditu irailaren 15etik 17ra, ICONIC proiektuaren baitan antolatutako topaketan. Sakanako Garapen Agentzia proiektuko bazkidea da, eta Sakanako Mankomunitateak bazkide elkartu gisa parte hartzen du. Topaketak Europako beste sei lurraldetako bazkideak eta Nafarroako hainbat erakunde eta eragile bildu ditu, mugikortasun iraunkorraren inguruko esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko.

Europako eskualdeen arteko lankidetza-proiektua da ICONIC, Alemania, Portugal, Polonia, Eslovenia, Bosnia-Herzegovina, Errumania eta Sakana ari dira elkarlanean proiektuan. Beste lurraldeetako esperientziak ezagutzea, egindako bideetatik ikastea eta praktika egokiak zein zailtasunak partekatzea dira lankidetzaren oinarrietako batzuk.

Mugikortasun iraunkorra Sakanan

Mugikortasuna estrategikoa da Sakanan. Eskualdearen egitura linealak, 15 udalerrik osatua eta herrigune nagusiak eta udalerri txikiak uztartzen dituena; industria-jardueraren pisuak; eta eguneroko joan-etorrien zati handi bat udalerri artekoa izateak eskualde mailako ikuspegia eskatzen dute.

Izan ere, mugikortasuna ez da garraio kontu hutsa: lurralde kohesioarekin, enplegurako eta zerbitzuetarako sarbidearekin, inklusioarekin eta bizi-kalitatearekin lotuta dago.

Horregatik, Sakanan eskualde mailako estrategia bat garatzea planteatu dugu, lurralde osorako bide-orri partekatua ezarriko duena. Ondoren, ikuspegi horretatik abiatuta, neurri zehatzagoak planteatu ahal izanen dira.

Topaketan, Sakanako mugikortasun-diagnostikoaren lehen emaitzak ere aurkeztu ditugu. Besteak beste, Sakanan 842 ibilgailu daude 1.000 biztanleko, Nafarroako batez bestekoa baino ia 100 gehiago; eta gidabaimena duten gizonen ehunekoa %70,3koa da, eta emakumeena %50,7koa. Datu horiek, besteak beste, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna eta mugikortasunean dagoen genero-arrakala erakusten dute.

Sakanako esperientziak, Europarekin partekatuta

Topaketaren hiru egunetan, Europako bazkideek Sakanako hainbat esperientzia eta proiektu ezagutzeko aukera izan dute.

Besteak beste, Sakanako bizikleta bidea  ezagutu dute, herrien arteko mugikortasun iraunkorra eta bizikletaren erabilera sustatzeko 46 kilometroko azpiegitura; Etxarri Aranazko irisgarritasun plana; eta Altsasuko bizikleta azpiegiturak eta mugikortasun aktiboarekin lotutako espazioak.

Sakanako bizikleta bidea ezagutzen

Halaber, Jaibus programa aurkeztu zaie, Sakanako gazteen mugikortasun segurua sustatzeko prebentzio-programa. Sakanako Gizarte Zerbitzuetako koordinatzaileek ere parte hartu zuten azalpen honetan, programaren ikuspegi soziala eta prebentzio-lana ezagutarazteko.

Topaketaren baitan, Iruñeko hainbat mugikortasun esperientzia ere ezagutu dituzte, besteak beste, garraio publikoarekin, intermodalitatearekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako ekimenak.

Bestalde, Europako bazkideek beren lurraldeetako praktika eta proiektuak aurkeztu dituzte, mugikortasunaren inguruko esperientziak alderatzeko eta beste testuinguru batzuetan aplikagarriak izan daitezkeen ideiak identifikatzeko.

Europako lankidetza, Sakanatik harago

ICONICen bidezko lankidetzaren helburua ez da soilik esperientziak partekatzea, baizik eta beste lurralde batzuetan ikasitakoa gure testuingurura egokitzea eta, aldi berean, Sakanako esperientzia beste eskualde batzuen eskura jartzea.

Sakanan eskualde mailako mugikortasun estrategia bat lantzeko prozesua ere esperientzia baliagarria izan daiteke antzeko ezaugarriak dituzten beste lurraldeentzat, bereziki landa-eremuetan eta udalerri txikiz osatutako eskualdeetan.

ICONIC proiektua Interreg Europe programak kofinantzatzen du eta Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Zuzendaritza Nagusiak/Lurralde Kohesiorako Departamentuak diruz laguntzen du.

 

Bilatzailea