eu | es

Sakanako Behatokiak 2025eko memoria eta Industria Biziberritze Plana onartu ditu

Sakanako Behatokiak 2025eko memoria eta Industria Biziberritze Plana onartu ditu
2026ko ekainaren 19, ostirala

Sakanako Behatoki Sozioekonomikoaren bilera egin da, Sakana2027 Plan Estrategikoaren jarraipenaren baitan. Topaketak 2025ean egindako lana partekatzeko, datozen urteetako testuingurua kokatzeko eta eskualdearen erronka nagusien inguruan hausnartzeko balio izan du.

Behatokiaren puntu nagusiak

  • 2025eko jardueren memoria onartu.
  • 2025ean abiatu edo sendotutako proiektu estrategikoak aurkeztu.
  • 2027-2028ko erronka nagusiak partekatu.
  • Sakanako Industria Biziberritze Plana onartu.
  • Planaren ezarpena Biziberritze Mahaiaren baitan koordinatuko da.

Aurkezpena - Memoria

2025eko jardueren memoria

Bileran, 2025eko jardueren memoria onartu da. Urtean zehar hainbat proiektu estrategiko abiatu edo sendotu dira, besteak beste, ICONIC mugikortasun jasangarri eta inklusiboko Europako proiektua, Ekonomia Sozialaren Mahaia, DINABIDEren 5 urteko ibilbidea, Sakanako Komunitate Energetikoaren sorrera, bizikleta bidearen garapena eta industria zein lehen sektorearen diagnosi sakonak.

Industria Biziberritze Plana

Bestalde, 2025ean hasi eta 2026ko lanaren emaitza den Sakanako Industria Biziberritze Plana ere onartu da. Plan horrek datozen urteetako plan estrategikoaren baitako industria arloko jarduera baldintzatuko du, eta eskualdearen etorkizun industriala lantzeko tresna nagusietako bat izango da.

Plana zehazteko prozesuan Sakanako eragileek parte hartu dute, Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuarekin eta arlo ezberdinetan eskumenak dituzten Nafarroako beste eragile batzuekin batera. Hemendik aurrera, planean jasotako ekintzak gauzatzeko, Sakanako eta Nafarroako eragileak Biziberritze Mahaiaren baitan koordinatuko dira. Arduren eta eskumenen banaketa adostuta, ekintza bakoitza dagokion eragilearen ardurapean ezarriko da.

Industria Biziberritze plana - Ekintza plana

Dokumentu bizia eta egokitzeko aukera

Planak dokumentu biziaren izaera izango du. Testuinguruaren bilakaeraren, sortzen diren beharren eta jasotzen diren ekarpenen arabera egokitzeko aukera izango du, eta egokitzapen horiek Sakana2027 Plan Estrategikoaren gobernantza eta erabakiak hartzeko esparruetan landuko dira.

Behatokiak, horrela, 2025ean egindako lana aitortu eta datozen urteetarako lan-oinarri partekatua ezarri du, diagnosietatik ekintza konkretuetara igarotzeko helburuarekin.

2025eko jardueren memoria hemen kontsulta daiteke:
https://www.sakanagaratzen.com/eu/zer-egiten-dugu

Bilatzailea