eu | es

Sakanako EBKren garapena indartzeko lankidetza akordioa sinatu dute

Sakanako EBKren garapena indartzeko lankidetza akordioa sinatu dute
2026ko ekainaren 30, asteartea

Sakanako Garapen Agentziak, Sakanako EBKk eta Arbizuko Udalak lankidetza akordioa sinatu dute, Sakanan energia berriztagarriak, kontsumo arduratsua eta trantsizio energetiko justua bultzatzeko.

Sakanako Garapen Agentziak, Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitatea Koop. S. de Iniciativa Socialek eta Arbizuko Udalak lankidetza akordioa sinatu dute. Akordioaren helburua da Sakanako EBKren garapena indartzea eta eskualdean energia berriztagarrien, kontsumo arduratsuaren eta trantsizio energetiko justuaren inguruko ekimenak bultzatzea.

EBKren egoitza UTZUGANEn

Akordioak bi lan-esparru nagusi jasotzen ditu. Alde batetik, Sakanako EBKk bere egoitza ofiziala UTZUGANE Sakanako Garapen Gunean kokatuko du. Horrek kooperatibaren eguneroko jarduera antolatzea erraztuko du, eta erakunde gisa sendotzeko aukera berriak zabalduko dizkio. Era berean, UTZUGANEn dauden beste eragileekin harremanak indartzeko eta elkarlan aukera berriak lantzeko bidea emango du.

Trantsizio energetikorako elkarlana

Bestetik, Sakanako Garapen Agentziak, bere eskumen eta gaitasunen baitan, Sakanako EBKren garapena babesteko konpromisoa hartu du, bereziki arlo industrialean. Horretarako, eskualdeko egoerari, baliabideei eta tokiko beharrei buruzko informazioa partekatuko du, eta energia kontsumo arduratsuaren zein trantsizio energetikoaren inguruko sentsibilizazio eta parte-hartze ekintzak garatzen lagunduko du.

Sakanako EBKk, bere aldetik, Sakana mailan energia berriztagarrien sorkuntzari, kontsumo arduratsuari eta trantsizio energetikoari lotutako proiektuak eta ekintzak sustatuko ditu. Horrez gain, arlo horretan garatu daitezkeen jardueren diseinuan eta ezarpenean aholkularitza eta laguntza eskainiko du.

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du. Epe horretan, aldeek haren garapena eta emaitzak aldizka aztertuko dituzte, lankidetza lurraldearen beharretara egokitzeko eta Sakanan energia trantsizioaren inguruko ekimenak sendotzen jarraitzeko.

Bilatzailea