Sakanako Mankomunitateak maiatzaren 31n mustuko du Sakanako bizikleta-bide berria, eskualdeko mugikortasun jasangarrirako proiektu estrategikoa. Mustutze ekitaldia Ziordian izango da, 11:45ean, Bizi Festa 2026 jardunaldiaren barruan.
Azpiegitura berriak Sakanako herrien arteko lotura hobetuko du, eta eguneroko joan-etorriak bizikletaz edo oinez egiteko aukera seguruagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa eskainiko du. Horrela, lantokietara, ikastetxeetara, aisialdirako guneetara eta eguneroko zerbitzuetara egiten diren desplazamenduetan mugikortasun aktiboa sustatuko da.
Bizikleta-bidea Horizontala – Sakana Lautada Ziklobidea markaren parte da, Irurtzun–Agurain/Salvatierra korridore ziklagarriaren barruan. Lotura horri esker, Sakana Nafarroa eta Euskadi arteko mugikortasun aktiboko ardatz garrantzitsu batean kokatzen da, Plazaolako Bide Berdearekin eta beste ibilbide batzuekin konektatuz.
Proiektuak, gainera, turismo jasangarriaren ikuspegitik ere balio handia du. Ibilbide berriak Sakana ipar penintsulako bizikleta-ibilbideen sarean nodo estrategiko gisa indartzen du, lurraldearen kohesioa eta garapen turistikoa bultzatuz.
Jarduketak 2.492.357,25 euroko inbertsio osoa izan du, eta 2.376.180 euroko finantzaketa publikoa jaso du. Proiektua bost zatitan gauzatu da, eta hainbat finantzaketa-iturri izan ditu, besteak beste, Nafarroako Gobernua, Next Generation funtsak eta Cederna Garalur.
Bideen egokitzapenaz gain, ibilbidean erabilera eta gozamena errazteko hainbat elementu jarri dira: bankuak, mahaiak, bizikleta-aparkalekuak, garbiketa-guneak, bizikletak konpontzeko estazioak, zuhaitz landaketak eta seinaleztapen integrala.
Bizi Festa 2026 jardunaldia 9:30ean hasiko da, adin guztietako pertsonei zuzendutako bi ordu inguruko bizikleta-martxa erraz batekin. Ondoren, bizikleta-bidearen mustutze ekitaldia egingo da, eta programazioak auzate osasungarri batekin, herri-jokoekin eta bizikletak konpontzeko tailer batekin jarraituko du.
Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. Izena emateko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik, 948 46 48 66 edo 648 070 710 telefonoetara deituta, edo kirolak@sakana-mank.eus eta anitzartean@sakana-mank.eus helbideetara idatzita.
Sakanako Mankomunitateak azpimarratu du proiektu honek eskualde konektatuago, jasangarriago eta osasungarriago baten aldeko apustua indartzen duela, mugikortasun aktiboa, emisioen murrizketa eta bizi-kalitatearen hobekuntza helburu hartuta.