eu | es

Sakananet: Zuntz optiko Mankomunatua Sakanara iritsi da

Sakananet: Zuntz optiko Mankomunatua Sakanara iritsi da
2021ko azaroaren 3, asteazkena

Sakanako Garapen Agentziaren Arbizuko Egoitzan, Sakananet, Sakana osoan Zuntz Optiko Mankomunatua hedatuko duen proiektua.

Bertan izan dira Oihana Olaberria, Arakilgo alkatea, Gorka Ovejero Arruazuko alkatea, Silvia Marañon Etxarri Aranazko alkatea, Txomin Uharte Uharte Arakilgo alkatea, Miguel Angel Irigoien eta Núria Coromina Guifinet Fundazioko kideak, Iker Manterola, Sakanako Garapen Agentziako Arduraduna eta David Oroz Urdiaingo alkatea eta Sakanako Mankomunitateko Lehendakaria.

David Oroz Sakanako Mankomunitateko Lehendakariak adierazi duenez, bi helburu nagusi daude proiektu honen muinean: “Sakandar guztiei konexio hurbileko, kalitatezko eta jasangarria eskaintzea, batetik. Eta, Sare mankomunatua ziurtatzea, bestetik, hau da, multinazionalen eredutik at, herritar guztiak jabe izango dituen sarea izatea”.

Honela, Sakanak Guifi·net telekomunikazio eredu mankomunatuaren aldeko apustua egin du, herritarrei Internet jasangarriagoa eta hurbilagoa helarazteko. Konexio azkarra izatea, gaur egun, oinarrizko beharra baita. Zuntz optikoko sare mankomunatuari esker, Sakanak kalitatezko Internet konexioa izango du, bidezko prezioan, tokiko operadoreen bitartez eta hurbileko ekonomia sustatuz.

Gorka Ovejero Arruazuko alkateak azaldu duenez, “Landa eremuan eta herri txikietara iritsiko da proiektua, orain genituen gabeziak konponduz. Honela, goi-mailako zuntz azkar zerbitzua izango dugu, azkenean. Eta, gainera, gu izango gara zuntz horren jabeak.”

Miguel Angel Irigoien Guifinet Fundazioko kideak, ildo berean, azpimarratu du “Proiektuaren finantzazioa, mantentzea eta gobernantza era mankomunatuan eginen da: erabiltzaileek eta tokiko instituzioek eginen dute. Horrek esan nahi du sakandarrak izanen direla zerbitzuaren jabeak, tokiko baloreak sustatuz.”

 

Tokiko operadoreen aldeko apustua

Guifinet fundazioaren xedea hori da, hain zuzen: lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen dituen telekomunikazio eredua gainditzea. Beraien lana eskualde ugaritan eramaten dute aurrera, eta Sakanan ere ariko dira proiektua koordinatu eta kudeatzen. Betiere helburua zerbitzua izanik, eta ez zerbitzuaren etekin ekonomikoa. Herritarrek izan ditzaketen zalantza guztiak argitzeko web orrialde bat ezarri dute: https://fundacio.guifi.net/sakananet

Operadoreei dagokionez, Sakananet-i esker, erabiltzaileek erabakiko dute zein operadorerengan duten konfiantza eta zein diren gehien gustatzen zaizkien eskaintzak. Gainera, sarean parte hartzen duen operadorea aldatu nahi den guztietan alda daiteke, ez baitago iraunkortasun betebeharrik. Hauek dira tokiko operadoreak: Abaila, Evel, Sisnet eta Sona.

Zehazki, Sakananet-ek 1.000 Mb simetriko segunduko eskainiko ditu, hau da, Gbps simetriko bat. Edozein erabiltzaileren beharrak estaltzen ditu horrek.

 

Sare Mankomunatuaren abantailak

Sarea modu horretan antolatzeak eskaintzen dituen abantailak azpimarratu dituzte. Ohiko ereduan, sarearen jabetza operadore bakar baten esku dagoenez, operadore horrek aldi berean zabaldu eta ustiatzen du. Sare mankomunatua, berriz, ondasun komun gisa erabiltzen den azpiegitura da: bertan inbertitu duten eta erabiltzen duten eragile guztiena da. Gainera, larreen edo herri-basoen kudeaketarekin gertatzen den bezala, inor ez dagoela ziurtatzen eta zaintzen duten mekanismo batzuen bidez kudeatzen da.

Eredu honek, beraz, abantaila hauek ditu: Sare irekia, askea eta neutrala izatea. Sare bera operadore askorekin partekatzea, monopolioa saihestuz. Ingurumenaren aldetik jasangarriagoa da, ez baitira azpiegiturak bikoizten. Kostuak merkatzea. Erabiltzaileek hainbat merkataritza-operadoreren artean aukera dezakete. Azpiegiturarekin negozioa egitea saihesten da.

 

Bi Fase: obra zibila eta zerbitzua ematea

Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, faseka ari dira lanean. Udaran ekin zieten sarea hedatzeko lanei, obra zibila deitzen denari. Zehazki, fase honetan, Arakil, Arbizu, Arruazu, Etxarri-Aranatz, Irañeta, Irurtzun, Lakuntza eta Uharte-Arakil-en ari dira lanean. Urte amaierarako lanak amaituta egongo dira eta zerbitzua ematen hasiko dira.

Bilatzailea