Sunsundegiren etorkizunari buruzko negoziazioak onbidean izateko aukerak gero eta zailago ditugun honetan, Sakanako garapen sozioekonomikoan parte hartzen dugun eragile guztien erantzun partekatu bat eskatzen du, bai eta orain arteko lan-ildoak eta planteamenduak egokitzea. Sunsudegi bezalako enpresa esanguratsu baten balizko itxierak 341 langileri ez ezik, Sakanako industria- eta ekonomia-sareari kolpe handia emango lioke.
Ziurgabetasun globalak larriagotutako egoera honek, gizarte- eta erakunde-eragile guztien erantzun koordinatua eta berehalakoa eskatzen du. Ez da enpresa baten itxiera bakarrik, baizik eta Sakanaren ekoizpen ereduaren eta etorkizunaren inguruan ziurgabetasuna sortzen duen une kritikoa bizi dugu. Ezinbestekoa da ikuspegi estrategikoarekin jardutea, industria-indarraren galera saihesteko eta gure eskualdean kalitatezko enplegua babesteko.
Hori dela eta, dokumentu honen sinatzaileok 2025eko urtarrilaren 16ko Sakanako Mankomunitateak argitaratutako " Sakanako etorkizun industrialaren alde: konpromisoa eta ekintza" izeneko komunikatuan azaldutakoaren ildoan sakontzeko beharra adierazi nahi dugu. Dokumentu hori argitaratu zenetik egoera ekonomikoak izandako garapena kontuan hartuta, dokumentu honen sinatzaileok beharrezkotzat jotzen dugu, Nafarroako Gobernuarekin eta Sodenarekin lankidetzan, Sakanako industria-biziberritze eta dibertsifikazio plan bat egitea. Plan honek honako puntu hauek izan beharko lituzkeela uste dugu:
Kaltetutako industrialdeen berrantolaketa eta birmoldaketa: industria-itxiturek kolpatutako guneetan ezarpen berriak ahalbidetzea helburu luketeen industriaguneen berrantolaketa eta birmoldaketa ekintza zehatzak bideratzea. Adibide argi bat da 2017an Erabidea (Irurtzun) industrialdean egindako lanketa genuke.
Lurzoru industrial erabilgarriaren garapena: Sakanan oraindik garatu gabe dagoen lurzorua aprobetxatzea, eta haren erabilera etorkizuneko ikuspegiarekin planifikatuz, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortuko duten inbertsioak bultzatzea. Premiazkoa da Nasuvinsak Arakil (Etxarrengo industrialdea) udalaz gaindiko intzidentziarako plan eta proiektu sektorialean aurrera egitea, enpresa berriak erakartzeko funtsezkoa izan daitekeen gune estrategikoa baita.
Funtsezko sektoreetako enpresei laguntza ematea, hala nola eolikoa eta automozioa: Sakanako enpresa traktoreak babestu eta indartu behar ditugu, bai epe motzeko laguntza finantzieroarekin bai eta epe ertain luzera begira lehiakortasuna indartzeko berrikuntza eta dibertsifikazio proiektuak sustatuz
Enpresa-garapenerako eta enpresak erakartzeko estrategia partekatua bultzatzea erabakitasunez, Sunsundegikoa bezalako itxierak utz ditzaketen hutsuneak estaltzeaz gain, dagoen ehunarekin sinergiak sortzen dituztenak, dibertsifikazioan laguntzen dutenak eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dutenak ardatz eraldatzaile gisa.
Sinatzaileak: