Hitzarmenaren bidez, informazioa trukatzeko eta azterketak egiteko esparru komun bat ezartzen da, OAPk bere estatutuetan jasotako funtzioak betez: Nafarroako gizartearen aldaketa-joerak aztertzea, prospekzio-ikerketak egitea, eta Foru Gobernuko departamentu ezberdinetan garatzen diren analisiak koordinatzea. Aldi berean, SGAk bere esperientzia eta lurraldearen ezagutza jarriko ditu eskura, Sakana 2027 Plan Estrategikoaren baitan garatzen ari den ekimenak sustatzeko.
Hitzarmenak hainbat helburu ditu, besteak beste:
Erabaki estrategikoak hartzeko oinarri sendoak eskaintzea, datuetan eta ebidentzia enpirikoan oinarrituta.
Sakanako planifikazio estrategikoa egokitzea Nafarroako erronka berrietara.
Informazio fidagarria eta kalitatezkoa zabaltzeko jardunaldiak eta topaketak antolatzea.
Etorkizuneko eszenario sozioekonomikoak irudikatzea eskualderako.
Sakana Nafarroaren marka estrategian kokatzea, bere indarguneak eta aukerak nabarmentzeko.
Hitzarmenaren barruan, hainbat jarduera garatuko dira hiru ardatz estrategikoren inguruan:
Ikerketa eta analisi sozioekonomikoa: Sakanako egungo egoera eta sektore estrategikoak aztertzea, hala nola energia berriztagarriak, automozioa edo agroelikadura.
Informazio estrategikorako sarbidea: datu-base eguneratuak sortzea, aholkularitza eskaintzea eta erabakiak hartzeko tresnak garatzea.
Ezagutza transferentzia eta dibulgazioa: jardunaldiak, tailerrak eta bisita teknikoak antolatzea, bai eta emaitzak partekatzea ere.
Elkarlan honek ez du hasieran inbertsio ekonomikorik eskatzen, baina ekimen zehatzek aurrekontu propioak izan ahalko dituzte gerora, hitzarmenari erantsitako akordio bidez.
Lankidetza lau urtez egongo da indarrean, eta urtero koordinazio-bilera bat egitea aurreikusten da. Gainera, emaitzak zabaltzea eta ikerketen jabetza intelektuala jasotzen ditu hitzarmenak, betiere gardentasuna, konfidentzialtasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuz.
Akordio hau Sakanako erakunde publiko, enpresa eta eragile sozialentzat aukera bat da, informazio eguneratua eta kalitatezkoa eskuratzeko, eta, era berean, Nafarroako politikak lurraldearen beharrizanetatik abiatuta garatzeko tresna baliotsua bihurtzen da.