Gaur elkartu dira Dinabiden Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikorako Kontseilaria eta Izaskun Goņi Razquin Enpresa Politikako Zuzendaria Sakanako hainbat eragilerekin. Bertan izan dira David Oroz Sakanako Mankomunitateko Lehendakaria, Iker Manterola Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea, Jose Julian Garziandia Sakanako Enpresari Elkartearen Lehendakaria (AES) eta Sakanako hainbat enpresetako ordezkariak.
Sakana 2021-2027 Plan Estrategikoaren talde motorraren izenean, Sakanako Enpresarien Elkarteak eta Sakanako Garapen Agentziak prozesuaren diagnosiaren berri eman diote Nafarroako Gobernuari. Aurreko planaren balorazioa positiboa da eta datorren plana garatzeko oinarri sendoak ezarri direla helarazi diete Gobernuko ordezkariei.
Horrekin batera, Sakanako Enpresarien Elkarteak zuzendaritza talde berria osatu duela azaldu du bilkuran, Jose Julian Garziandia izango da talde berriaren lehendakaria. Zuzendaritza berriak Sakanako Plan Estrategikoari bultzada ematea lehentasunezkotzat jo du.
David Oroz Sakanako Mankomunitateko Lehendakariak, bere aldetik, balioan jarri nahi izan du bilera Dinabiden egin izana, “Dinabide berrikuntza sustatzeko elkarlana oinarri duen proiektua da, eta Sakanako Plan Estrategikoa lantzeko orduan elkarlan bideetan sakontzea ezinbestekoa izango da”, azpimarratu du.