eu | es

Agur Sakana2020

Agur Sakana2020
2020ko azaroaren 25, asteazkena

Astelehenean ospatu genuen Sakanan, urteko azken  Behatoki Sozioekonomikoa. 2020 hau urte berezia izangatik, Sakanako Plan Estrategikoaren 2014-2020 zikloa itxi genuenez are berezigoa izan zen.

2014an onartutako Plan Estrategikoak haseratik Sakanako udalen babes ekonomikoa izan zuen. 2016an Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuaren ezinbesteko bultzada ekonomiko eta elkarlanezkoa jaso zuen Planak. Ekarpen hauek gabe orain arteko bidea etzen posible izanen: Plan Estrategikoaren egikaritzea, Nafarroan berritzailea den eskualde agentziaren figurapean Sakanako Garapen Agentziak izandako eboluzioa eta metatutako irakaspenei esker Dinabide bezalako proiektu gero eta anbiziotsuagoak lantzea.

Sakanako plan estrategikoa mugarri bat izan da eskualdean eta astelehenean agur esan genion. Eta berriari hasera ona emateko,aurretik zaharrari amaiera eman behar.

Parte hartzeko dinamika gisa esperimentu bat planteatu genuen, plan hartako ekintza batzuk berrikusi genituen... zentzua izaten jarraitzen dute? horietan lanean jarraitu behar da? lortu ditugu aurrera eramatea? Zer ikasi dugu?... Denetik izan zen. Baina gauza bat argi dago, lan-ildo bakoitzean erakunde, elkarte, pertsona, lan-talde, arduradun politiko eta lehen ez zeuden sail asko daude. Komunikazio-sareak sortu ditugu, seinaleak bidali, exekutatu eta informazioa jasotzen dutenak; orain Sakana ez dago bakarrik, interelazionatzea eta kohesionatzea lortu dugu, eta barruko eta kanpoko baliabide guztiak aprobetxatu ditugu, eta behar ziren tokietan jarri ditugu abian, nahiz eta beti egin daitekeen gehiago eta hobeto.

Plan berri bat hastera goaz, eta lanean jarraitzeko, zuen ikuspegia, iritzia eta konpromezua beharko ditugu.

Duela sei urte baino gehiago egin genuen bezala, 2021.a egungo ikuspegitik ibilbide berri bat zehazteko urtea izango da

Eskerrik asko Sakana 2020ko Plan Estrategikoan parte hartu duzuenoi. Seguru bidean elkar topo eginen dugula.

Bilatzailea