Transizio Energetikoaren gaia ziurrenik guztiok entzunda daukagu; telebistan, egunkarietan, aldizkarietan, erradioan eta interneten maiz agertzen dira honi lotutako albiste edota informazio ugari. Hala ere, neure buruari galdetu egin diot: ezagutzen al ditugu geuk, hiritarrok, Europa mailako tresna politiko honek barnean daramatzan ezaugarri eta neurri konkretuak? Ba al dakigu Transizio honen inplementazioak dakartzan lan mota eta iraupena? Bere ondorio potentzialak?
Makina bat galdera sor daitezke Transizio Energetikoaren inguruan, eta Sakana Aurrera Begira iniziatiba honekin batera Transizio Energetikoari buruzko hausnarketa motz hau egitea aukeratu dut. Gutxienez hari buruz pixka bat hitz egiteko eta hausnartarazi egin ahal gaituen gai bat azaleratzeko.
Zehazki, testu honetan Transizio Energetikoak Sakanan zer-nolako eragina izan dezakeen eta gure onerako nola zuzendu dezakegun azaldu nahiko nuke. Plan hau Sakanako etorkizunerako aukera ona izan daiteke, eta hartaz nola baliatu gaitezkeen era kolektiboan hausnartzea beharrezkoa iruditzen zait gai honetan aurrerantz pausuak emateko, idealki, herritarrok instituzio publikoekin batera.
Transizio energetikoak Europa mailan (Green Deal, “Hitzarmen Berdea” litzateke euskeraz, “Pacto Verde” gazteleraz) hainbat neurri eta helburu dakartza bere baitan (50 zehazki), garrantzitsuenak hauek izanda:
-Europa 2050rako lehen kontinente klimatikoki neutrala bilakatzea.
-2030 urterako berotegi-efektuko gasen % 50 – 55a murriztea.
-Energia berriztagarrietan apustu sendoa egitea, energia-iturri berriak ere aintzat hartuz eta indartuz: hidrogenoa, itsas-energia…
-Industrian material birziklatu askoz gehiago erabiltzea, ekonomia zirkularra sustatuz.
-Eraikinen efizientzia energetikoa hobetzea, isolamendu berriak instalatuz, adibidez.
-Garraioetan aukera garbiak sustatzea (kotxe eta garraio publiko elektrikoak).
-Ekosistemetako biodibertsitatea mantentzeko neurriak hartzea.
-Janari-katea lokalagoa eraikitzea.
-Itsasoetan bukatzen duten plastikoen aurka aritzea.
Aipatu ditugunak kontinente-mailako helburuak izanda, administrazioek hauek nola lortzeko planak prestatzen ari dira, guztion elkarlana batuz mugarri hauek erreal bilakatu daitezen lortzeko. Nafarroan hain zuzen ere hasi gara honi buruz hausnartzen eta lan egiten, 2020ko ekainean Transizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Foru Lege Aurreproiektua publikatu zelarik, herritarrei ekainean zehar 5 aurkezpen informatibo eskaini zitzaizkiela. Bestalde, helburu hauetarantz abiatzen hasteko, Europako Banku Zentralak jadanik ez ditu erregai fosilekin erlazionatutako proiektuei finantzaziorik emango.
Baina orain, neurri eta helburu hauek gure lurraldean nola aplikatu, suspertu eta mantendu pentsatu beharko dugu. Positiboa izango al da hau Sakanarentzat? Zer-nolako aukerak sor daitezke guretzat?
Larrialdi klimatikoa munduan zehar arazo handia denez, egoera hau murriztera eramango gaituzten neurri ugari daude Transizio Energetikoaren barne. Aktibitate eta neurri hauek, beharrezkoak izanda, inbertsio ekonomiko handiak behar dituzte (energia berriztagarrietan, inbestigazioan...); hala ere, egin beharreko aldaketa bat da. Hau kontutan izanda, honek Sakanan onurak ekar ditzake errekurtsoak ongi inbertituz eta, izan daiteke, lanpostu berriak sortuz.
Zergatik ez, adibidez, hidrogenoarekin lotutako proiektuak bultzatzea Sakanan? Itsas-energiari buruzkoak? Goi-mailako gradu berriak eratzea, energia sistema berriaren inguruan? Hauek anbizio handiko ideak badira ere, ezerk ez gaitu honetan pentsatzea eragozten. Aukerak egon badaude, herritarron iniziatibetan eta administrazioen lanean datza hauek aurrera eramatea. Erraza ez baldin bada ere, talentua batuz proiektu berri innobatiboak sor daitezke energia paradigma berriaren inguruan.
Transizio energetikoa martxan jartzearen inguruan zenbait aukera dauzkagu herritarron bista-puntutik. Gure kabuz sistema energetiko berrirantz abiatzeko egin ditzakegun ekintza erraza batzuk hurrengoak dira:
-Kotxea aldatzeko asmoa baldin badaukagu, aukera elektrikoak aintzat hartzea.
-Gure etxearen teilatuan eguzki-panelak jartzeari buruz pentsatzea.
-Gure etxeko energia hornitzailea aldatu eta 100 % berriztagarriak eskaintzen dituen hornitzaile bat aukeratzea.
-DINABIDE bezalako esparruak talentu-bilgune modura eta ideia innobatiboak aurrera eramateko (energiari edota beste gaiei lotuak) erabiltzea.
Administrazioen aldetik, egin daitezkeen ekintza batzuk kotxe elektrikoentzat guneak eraikitzea, proiektu berrientzat diru-laguntza planak sortzea, kontzientziazio kanpainiak hedatzea etab. dira, besteak beste.
Aipatu diren ideiek energiaren inguruan hausnarketa bultzatzeko asmoa daukate, Transizio Energetikoa jada hemen dagoelako eta denbora berrietara egokitu behar garelako. Hurrengo urteetan aldaketak ikusiko ditugu garraiatzen garen moduan, energia kontsumitzen dugun moduan (energia auto-kontsumitzaile are eta gehiago izango baitira), energia sortzen duten teknologietan, ikerketan, legedietan...
Hori guztia dela eta, orain hausnartzen hastea positiboa lirateke: Zer egin dezaket nik, zer dago nire esku? Nola aldatuko da etorkizuneko sistema energetikoa eta zein eragin izango du gugan? Zer-nolako garrantzia dauka gure bizitzan eta ingurumenean?
Transizio honek ekartzen dizkigun aukerak aurreikusita eta prest egonda, Sakanarentzat abagune ona izan daiteke hau; aprobetxa dezagun ahalik eta hoberen.