eu | es

Joera eta erronka globalak Sakanan

Joera eta erronka globalak Sakanan
2020ko maiatzaren 7, osteguna

Aurrekoan aipatzen genuen bezala, krisi sanitarioak krisi sozioekonomikoa ekarriko du, eta ez dakigu krisi horren intentsitatea eta iraupena zenbatekoa izango den. Gaur egun, hainbat agertoki posible daude, eta horien garapena osasun-bilakaeraren, hartutako neurri publikoen eta herritarren erantzukizunaren araberakoa izango da.

Egoera honek sektore guztiei ez die modu berean eragingo. Ziurrenik, pertsonen mugimenduarekin (ostalaritza, turismoa...) eta hornidura-kate globaletan sartutako industriekin zerikusia duten sektoreei gehiago eragingo die. Hala ere, berrogeialdian elikaduraren txikizkako merkataritzaren sektorean jarduera nabarmen areagotu da, eta paradoxikoki, elikagai ekoizleek beren produktuak merkaturatzeko zailtasun larriak salatu dituzte.

Azterketa sakon bat egiteko oso goiz den arren, gero eta nabariagoa da ekonomia eta gizartea ez direla aurreko egoerara itzuliko, aldaketak geratzeko asmotan etorri direla dirudi. Aurreko urtean Sakanako Plan Estrategikoaren berrikustean identifikatutako joera batzuk bizkortu egin dira eta funtsezkotzat jotako hainbat gaiek dimentsio berria hartu dute

Horregatik, gure eskualdearentzat eta bereziki ekoizpen-sarearentzat giltzarri izan daitezkeen joera eta erronka nagusietako batzuk identifikatuko ditugu:

 

Erresilientziarako lurralde-gobernantza.

Egungo krisiak gure gizarteko sektore eta pertsonarik ahulenetan eragin ari da, bereziki modu dramatikoan ikusaraziz zainketen krisia. Indarrean dagoen sistema sozioekonomikoaren ahuleziak agerian utzi ditu eta egoera larrietan gizarte osoa aktibatzearen garrantzia nabarmendu da: sare komunitarioetan egituratutako herritarren lankidetza, politika publikoen berrikuspena eta enpresen eta ezagutza-erakundeen ekarpenak uztartuz.

Larrialdi-egoera berriarekin, agerian geratu da lurraldeetatik zuzenean erantzun azkarrak eta malguak eman ahal izateko beharrezkoa dela eskualdeetan prebentzio eta erreakzio-mekanismoak izatea. Garrantzitsua da lurralde-inteligentzia bat garatzea, mehatxuak identifikatu eta bere eragin posibleak arintzeko eta egokitzeko estrategiak ezartzeko gai dena; izan etorkizunean sor daitezkeen pandemia berriak, klima-aldaketa edo baliabideen agortzea.

Horretarako, gizarteko eragile antolatuek parte hartzen duten eta administrazio-maila desberdinen artean partekatutako gobernantza mekanismoak indartzea beharrezkoa da. Alde horretatik, berebiziko garrantzia du lurralde osoan ekintza partekatu hori erraztuko duten erakundeak izateak, eskualdeak bezalako hurbiltasun-eskala batetik abiatuta.

Nafarroako udalerrien% 77,94k 2.000 biztanle baino gutxiago dituela kontuan izanda(INE, 2019ko urtarrilaren 1a) mankomunitate eta garapen-agentzien moduko erakundeek zeregin garrantzitsua izan dezakete, bai larrialdi horien kudeaketan, bai eta garapen sozioekonomiko erresilienteagoa lortzeko beharrezkoak diren berreraikuntza eta berrorientazio-estrategien ezarpenean. Zentzu honetan, estrategia arrakastatsua batek tokiko erakundeek herritarrekiko eta enpresekiko duten hurbiltasunari bitarteko erakundeek duten gaitasun teknikoa, orientazio estrategikoa eta lurralde-mailako ezagutza-sareetarako sarbidea gehitzean datza. Alde horretatik, interes handikoa litzateke Nafarroako toki-administrazioa erreformatzeko legea garatzea lurralde-mailako lankidetza-dinamika horiek instituzionalizatzeko.

 

Oreka dinamiko lokala-globala:

Gero eta sozioekonomia globalago baterako joera orokorra tokian tokiko eta estatu egiturerantz itzultzen ari da momentu honetan: mugak ixten eta merkataritza-gatazkak sortzen ikusi ditugu eta horrek eragina du hornidura-kate globaletan.

Industriaren zati batek hornidura-katean izan dituen arazoek tokiko hornidura-kateak izatearen abantailak agerian utzi dituzte. Honek aukera ematen du balio-kateak zenbait sektoretan birkokatzeko. Hilabete honetan, hornidura estrategikoetan dugun menpekotasun nabarmenak hainbat ekoizpen-birbideratzea eragin du, batez ere osasun-sektorean. Industriaren berkokatze aukera hori baliatzeko faktore asko dauden arren, 4.0 teknologia desberdinak ezartzea funtsezkoa izango da hornidurako tokiko kate malguak, erresilienteak eta iraunkorrak sortzeko orduan.

 

Eraldaketa digital biziagoa.

 

Azkenaldian mundu digitalak zentralitatea hartu du gure komunitateen komunikazioan eta modu batean edo bestean egoerak behartuta eragile guztiok arlo digitaleko jarduna handiagotu dute: komunikazio digitaleko kanal berriak, telelana, “on-line” zerbitzuak,...

Arlo honetan interesgarria da txikizkako merkataritza edo zuzeneko salmentako artisau-ekoizpenetan gertatzen ari den estrategia digitalen ezarpena egiaztatzea. Alde batetik, mezularitza aplikazio eta etxez etxeko banaketa zerbitzuetan oinarritutako estrategia informalak garatzen ari dira. Norbanakoen estrategia hauekin batera, ibilbide luzeagoa izan dezaketen Baserriko plaza plataforma moduko erantzun sektorialak , edo Sakanako merkatarien elkartearen urruneko salmenta moduko urralde mailakoak egituratzen ari dira.

Industriari dagokionez, krisia dela eta hornidura-kateak berregokitze fasean dauden honetan, inoiz baino beharrezkoagoa izango da berrikuntza zentzurik zabalenean hartu eta haren aldeko apustu garbia egitea. Horretarako, funtsezkoa izango da egungo ekoizpen-paradigma berrira egokitzeko, teknologia ezagutzea eta bere erabilpenean pertsonak trebatzea. Horrez gain, krisiaren ondoriozko zailtasun ekonomikoak eta epe ertainean inbertsioen uzkurtzea aurreikusiz, teknologikoak ez diren berrikuntzak ere sustatzeko aukera bat izan daiteke, hala nola negozio-ereduak zerbitizaziorantz eraldatzea, antolaketa-eredu berriak sustatzea, etab.

Nafarroakoa bezalako testuinguru batean, non enpresa txiki eta ertainak (ETE) ekoizpen-sarearen zati oso garrantzitsu bat diren, garrantzi handikoak izango dira Dinabide bezalako proiektuak indartzea. Eraldaketa digitala ikuspegi orokor batetik eta lankidetza proiektuetan oinarrituz lurralde eragin zabala izatera irits gaitezke.

 

Finantza-gaitasuna

Krisiaren lehen fasean, shockari aurre egiteko finantzaketa eskuratzea izango da enpresa askoren biziraupenerako gako nagusienetako bat, eta administrazio publikoen ahaleginak arlo horretara bideratu dira ein handi batean. Oro har, 2008ko krisiaz geroztik Nafarroako enpresen finantza egoera hobetzen joan da, baina egoera hori oso aldakorra da enpresa-sektoreei eta tamainei dagokienez. Arlo honetan, mikroenpresak eta enpresa txikiak dira egoera zaurgarrienean aurkitzen direnak.

Krisi honen lehen fasetik irtetean, finantza-egoerak enpresek eraldaketa digitalari ekiteko inbertitzeko duten gaitasuna baldintzatuko du, eta horrek, ziur asko, epe ertainean bizirik irautea baldintzatuko du. Hori guztia dela eta, beharrezkoa izango da ekoizpen-sarearen finantza-diagnostiko zehatza egitea, ondoren inpaktu potentzialak minimizatu ahal izateko arrisku handiena duten kolektiboetan eragiteko ekimenak zehaztuz.

 

Ikus daitekeenez, erronka hauek errealitate konplexu eta elkarlotu bat erakusten digute. Ondorioz lurralde-politikek, errealitate horri erantzunez, konplexutasun-maila horietan artikulatu beharko dira; maila anitzeko gobernantza, estrategia partekatuak sortzea ahalbidetuko duten agertoki desberdinen definizioa eta epe ertain-luzeko neurrien garapena funtsezkoak izango dira.

 

 

Bilatzailea