eu | es

SAKANA BIZIGARRIA, GENERO IKUSPEGIA KONTUAN HARTUTA

SAKANA BIZIGARRIA, GENERO IKUSPEGIA KONTUAN HARTUTA
2020ko ekainaren 15, astelehena
      ( Berdintasun Zerbitzua )

 

SAKANA BIZIGARRIA, GENERO IKUSPEGIA KONTUAN HARTUTA

Covid-19aren krisiaren ondorioen azterketak zenbait hari mutur eta irakurketa ekarri ditu: horietako bat genero berdintasunean izan duen eragina. Horregatik, Sakanan abian jarri den hausnarketa kolektibo honetan, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak gaiaren inguruko gogoeta proposatu nahi du. 

Krisi honen irakurketa eta ondorengo neurri edo erronken proposamenak egiterakoan genero berdintasunaren eragina kontuan ez hartzeak, desberdintasunak larriagotuko dituen ondorio sozioekonomikoak ekarriko ditu. Horregatik, egoeraren irakurketa egiteko eta erantzuna emateko funtsezkoa den genero ikuspegi feminista kontuan hartzea ezinbestekoa da.

Jakin badakigu krisi honi aurre egiterako orduan emakumeen eta gizonen abiapunta ezberdina dela. Dena den, eta krisi honekin egoera larriagotu den arren, pandemia honen aurretik ere, soldata arrakala, zaintzen arrakala, partaidetza sozio politikoan ezberdintasunak eta indarkeria matxistak ere eguneroko errealitatea ziren.

Honako hauek dira zehazki azaleratu nahi diren aztergaiak eta hauek eskualdean izan dituen ondorioak.

Oinarrizko zerbitzuen eta osasun zerbitzuen feminizazioa eta hauen lan karga krisiak dirauen bitartean.

Zaintza lanen krisia. Zaintzak erdigunera.

Lan produktiboa eta prekarietatea.

Lan produktiboa eta bateragarritasun erantzunkidea.

Indarkeria matxistak areagotzeko arriskua.

Sakana bizigarria. Bizitzea merezi duen bizia.

Aurretik datorren krisi baten irakaspenak.

 

OINARRIZKO ZERBITZUEN ETA OSASUN ZERBITZUEN FEMINIZAZIOA ETA HAUEN LAN KARGA KRISIAK DIRAUEN BITARTEAN

Munduan osasun arloan lanean diardutenen %70 emakumeak dira. Eta bizitza mantentzeko oinarrizkoak  diren lanbideetan ere gehiengoa emakumezkoa da: Saltokietako langileak,  garbiketa lanetan,  etxez etxeko langileak zein egoitzetako langileak.. Azkeneko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, medikuen, erizainen, farmazialarien eta psikologoen gehiengoa ere emakumea da. Medikuntzan (%51 emakumeak eta %49 gizonak), erizaintzan (%85 emakumeak eta %16 gizonak), farmazialariak ( %72 emakumeak eta  %28 gizonak), psikologian (%82 emakumeak eta  %18 gizonak).

Krisi honek feminizatutako lanbide horiei balio handiagoa ematearen garrantzia azaleratu du, lotuta baitaude bestelako diskriminazio-iturriekin, besteak beste, arraza, klase sozial edo  adinarekin. Oraindik ere lan horiek bigarren mailakotzat jotzen dira, bizitzari eusteko funtsezko euskarri izan arren:  Zaintza-zerbitzuak esparru publikoan nahiz osasun arloan, zaintzaileak zahar-egoitzetan eta etxez etxeko zerbitzuetan, garbiketaren sektorea, janari dendetako langileak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza... Lanbide horiek guztiek erakutsi dute, funtsezko esparruak direla "bizitzek bizirik jarrai dezaten" oinarrizko eta ezinbesteko premiak asetzeko.

 

ZAINTZA LANEN KRISIA. ZAINTZAK ERDIGUNERA

Covid 19aren krisiak berriz ere agerian utzi du mugimendu feministak eta berdintasun politikek aspaldidanik nabarmentzen ari ziren zerbait: zaintza-krisi batean murgilduta gaudela eta  bizitzak ez daudela erdigunean.

Alde batetik, etxeko lanen eta zaintza-lanen banaketak ez dira ekitatiboak eta ez dago benetako erantzunkidetasunik. Pandemiak eragindako egoera berri honi,  lehendik dauden eta ibilbide luzea duten genero-desberdintasunak gehitzen zaizkio.

Egungo egoerak,  lanaren banaketa sexuala eta genero estereotipoak indartu egin ditu eta emakumeak dira, batez ere, haurrak, mendekotasuna duten pertsonak, adinekoak, gaixoak eta zaintza emozionala zaintzeaz arduratzen direnak.

Lan horiek doan egiten dira familiaren inguruan, edo ordainduta, baina lan-baldintza kaxkarretan eta gizarte eta lan eskubide murritzekin . Eta, hala ere, funtsezko lanak dira gure jendartea mantentzeko.

2018an Sakanako Mankomunitateko Berdintasunerako Planerako egindako diagnostikoan honako datu hauek azaleratu ziren: etxeko zein zaintza lanak burutzen ematen dituzten orduen kalkulua eskatzean, emakumezkoak gizonek baino ordu gehiago ematen dituztela ondorioztatu zen. Emakumezkoek 21,38 ordu astean eta gizonezkoek 13,25 ordu astean. Egoera honetan, arrakala hau handitu izana aurreikusten da.

 

LAN PRODUKTIBOA ETA PREKARIETATEA

Emakumeek prekarietate eta lan-pobrezia handiagoa jasaten dute, eta horrek leku okerragoan jartzen ditu krisialdi berri bati aurre egiteko (batez ere emakume gazteak, kualifikazio txikia duten emakumeak eta emakume migratzaileak). Gainera, krisialdi honek gogogor kolpatu dituen eta eragin handiena izango duten sektoreetako batzuk oso feminizatuta daude; hala nola merkataritza, turismoa eta ostalaritza.

Sakanako 2018ko afilazio datuei erreparatuta, argi ikusten da zerbitzu arloan emakumeek duten presentzia.

 

COVID-19 eta Lan-Mundua ikerketak nabarmentzen duenez, lan-merkatua ez da uniformea, eta krisiaren eraginak ondorio desberdinak izango ditu sektore bakoitzean epe labur, ertain eta luzean. Horrela, hasiera batean, hezkuntza eta bereziki, osasun-jardueretan, krisiaren eragina txikiagoa izango da eta enplegu-gaitasunari eutsiko diote.

Baina merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreek, emakumeen nagusitasun handia dutenek, jasango dute gehien pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoa. Turismoa gelditzeak zuzenean eragin die ostatu-jarduerei, otordu-zerbitzuari edo garraioari, eta errekuperazio motela izango du egindako kalkuluen arabera.

Eskualdeko azken langabezi datuak erreparatuta,  apirila bukaeran 1.078 sakandar langabezian zeuden, martxoan baino 112 gehiago. Generoari erreparatuta, 63 emakumezkok eta 49 gizonezkok eman zuten izena lana bilatzeko apirilean. Langabe sakandarren %59,83 (645) emakumezkoak ziren eta %40,17 (433) gizonezkoak.

Sektoreei dagokienez, langabeen %65,77 zerbitzuen arloan lan egin nahiko luke (709, aurreko hilabetean baino 89 gehiago). Industriako lan eskaintza onartuko luketenak %21,89 ziren (236, 14 gehiago). Eraikuntzan lan egiteko prest zeudenak %3,99 ziren (43,3 gehiago). Lehen sektorean aritzeko prest zeuden %1,79 (19, aurreko hilabeteko kopuru bera). Azkenik, aurreneko lanpostuan aritu nahi dutenak langabeen % 6,59 izan ziren apirilean (71,6 gehiago). 

Aztertu beharreko beste datu bat jarduera tasan ematen den arrakala da. Altsasun, esaterako, emakumeetan 50,85koa da eta gizonezkoetan  62,80koa.  (Nafarroako Estatistika Institutua). 12 puntuko aldea dago emakume eta gizonen artean.

Puntu honetan, halaber, etxeko langileen egoera prekarizatua aipatu beharra dago. Izan ere, emakumeak nagusi diren sektore honetan, kaleratzeak areagotu egin dira, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuta ez dauden langileak azalaratu dira, eta  langabezia prestazioa ez aitortzeko arazoak izan dituzten kasuak ere areagotu dira.

 

LAN PRODUKTIBOA ETA BATERAGARRITASUN ERANTZUNKIDEA

Krisi honek azaleratu duen beste arazoetako bat, lana, bizitza pertsonala eta familia bateragarritasun erantzunkidearen falta izan da.

Pertsona guztien arteko erantzunkidetasunaren garrantzia azpimarratu beharra dago, emakumeak lanaldi bikoitz eta hirukoitzetan bizi ez daitezen, zainketaz eta etxeetako bizitzei eusteaz arduratuz. Lanaren banaketa sexuala hautsi behar da, eta ordaindu gabeko lanen banaketa justurantz aurrera egin, zereginak eta zaintzak modu eraginkorrean banatuz.

Denbora mugatua da, eta pertsona guztiek berdintasunez gozatu behar dute.  Halaber, familien, enpresen eta administrazioen artean erantzunkidetasuna egon behar da zaintzaren esparruak eragiten dituen alderdi guztiei erantzuteko orduan. (Zerbitzu publiko unibertsalak eta zaintza-premiei erantzuteko kalitatezko zerbitzuak, enpresetako kontziliazio-politikak eta familietako kideen artean erantzunkidetasuna.)

 

Orain arte, telelana izan da  bizitza eta lanaren bateragarritasuna uztartzeko gehien ezarri den neurria, baina lehen ikerketek aditzera eman dute, gaur egungo egoeran, lan-sistema honek emakumeen osasuna kaltetu egin duela.  Hori dela eta,  tele-lana,  genero-ikuspuntua aplikatuz eta erantzunkidetasun-printzipioari jarraituz ezarri eta ebaluatu behar da.

Guraso bakarreko (gehienetan emakumeak buru dutenak) familien egoerak ere okerrera egin du krisialdi honetan. Egoera horretan dauden emakume askok egoera zailei egin behar izan diete aurre: diru-sarrerak murriztea, enplegua galtzea, edo zailtasun handiak telelana eta zaintzak uztartzeko.

 

INDARKERIA MATXISTAK AREAGOTZEKO ARRISKUA

Konfinamendu egoera batean, non bizikidetza iraunkorra eta nahitaezkoa den eta mugikortasun murriztuak dauden,  indarkeria egoerak emateko aukerak areagotu egin dira.

Zentzu honetan, erakunde ezberdintetatik, indarkeria matxistaren gorakadari aurre egiteko neurriak jarri dira martxan.

Nafarroan, konfinamendu aldian (martxoa-apirila) 191 salaketa jarri dira eta Sakanan epealdi berean 8 salaketa izan ditugu. (Iaz epealdi horretan baino 5 salaketa gehiago).

Ildo honetan, indarkeria matxistarik gabeko Sakana lortzeko bidean, era koordinatu eta eraginkor batean lanean jarraitzearen premia azpimarratu beharra dago.

Bestalde, pertsona eta kolektibo askorendako, itxialdi eta krisialdi honek ere eragin negatiboa izan du. Egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak, persona migratuak, behar berezietako pertsonak, etxerik gabeko pertsonak,etab.

LGTBI+ pertsonengan ere, konfinamendu aldian, bizi baldintza eta askatasun murrizketa eman dira.

 

SAKANA BIZIGARRIA. BIZITZEA MEREZI DUEN BIZIA

Krisialdi honen inpaktu bereziak aintzat hartzen ez badira, are gehiago areagotuko da diskriminazioa. Inork ez du bakarrik bizi iraungo, elkarren mendekoak gara eta aldi berean zaurgarriak; beraz, zaintzarekin lotutako lanak funtsezkoak dira bizitzari eusteko. Krisi honek are gehiago nabarmentzen du bizitzak erdigunean jartzearen premia eta paradigma aldatzearen garrantzia, horiek eta hauen jasangarritasunak lehentasuna izan dezaten.

Bistan da krisialdiek ez dutela lagunduko desberdintasunak murrizten, baizik eta agerikoagoak egingo dituzte eta, askotan, desberdintasun hauek areagotu egingo dira. Baina aldaketarako aukera ere badira, berritzeko eta jendarte hobea, indartsuagoa, erresilienteagoa eta parekidea eraikitzeko. Krisi honek agerian utzi du bizi baldintzak, batez ere emakumeen bizi baldintzak, ez daudela bermatuta eta bizitzak lehentasuna izango duten eredua aldarazi beharra dagoela.

Beraz, krisi honi aurre egiteko plan eta estrategia guztiek,  epe motz, ertain eta luzean, genero ikuspegi feminista kontuan izan beharko lukete.

Sakanan horretarako baditugu hainbat tresna. Alde batetik Errotik Sakana Parekidea. Sakanako emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana. Egiturazko desberdintasunak errotik aldatzeko abian jarri den Plana. Bizitzaren jasangarritasunerako itun sozial berria ardatz duen bide orria izango dena.

Bestalde, Sakana Bizi eta Lan. Skn 2020+ Plan estretegikoaren errebisioa eta Toiko garapen berdintzaile batarako bidean martxan jarritako zenbait ekimen.

Eta azkenik, Sakana Guztion Artean Sakanako plan estrategikoa.

 

AURRETIK DATORREN KRISI BATEN IRAKASPENAK:

COVID-19aren etorrerak dagoeneko esku artean genituen arazo estrukturalak agerian utzi ditu baina ez-ohiko egoera honek ere zenbait irakaspen ekarri dizkigu. Hauetan sakondu eta lanean jarraitzeko beharra ere azpimarratu beharra dago. 

-Beharrezkoak diren lanak berrantolatzen hasi.

-Egitura kolektibo eta komunitarioak indartu. Sakanako herri gehienetan martxan jarri diren zaintza sareak esaterako.

-Tokiko garapen berdintzailearen garrantzia.

-Berdintasun eskubidea bermatzeko tresnak martxan jartzeko beharra. (17/2019 Foru Lege, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak arautzen duen bezala, genero ikuspegia txertatu politika publiko guztietan)

-Herritar aktiboak, ahalduntze eta parte hartzea ardatz duten politika publikoak

-Bizitzaren jasangarritasuna ardatz duten politika publikoak. Elkarrekiko zaintza eta erantzunkidetasuna erdigunean jarriz.

-Indarkeria matxistarik gabeko Sakanaren alde lan egiteko beharra.  

-----

Erreferentzia interesgarriak

-Nafarroako Berdintasun Institutuak argitaratutako gomendioak

https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-158-f-es.pdf

-Nafarroako 20 tokiko entitateek bultzatutako kanpaina. Bizitzak erdigunera.

https://guaixe.eus/sakana/1589470605567-erantzunkidetasuna-zaintza-lanen-banaketan

-EHko mugimendu feministak egungo egoeraren diagnostikoa egin eta irtenbideak proposatzen dituen dossierrak. Bizitzak erdigunean

http://bilgunefeminista.eus/uploads/erab_1/2020/04/1587808074-Bizitzak-erdigunean-2020-04-09-eus.pdf

-Sakanako zaintza sareak

https://guaixe.eus/arbizu/1585849871500-zaintza-sarea-zabalduta

 

-Nafarroako errealitate sozialaren behatokia. COVID19-RI AURRE EGITEKO LAGUNTZAK ETA PRESTAZIOAK

https://ayudascovid19.observatoriorealidadsocial.es/es/buscar/

-Guía para ayudarnos a crear espacios colaborativos en nuestra vida diaria y durante esta cuarentena por el COVID-19. ONU MUJERES

https://www2.unwomen.org/-/media/field%20office%20mexico/documentos/publicaciones/2020/marzo%202020/gua-masculinidades-onumujeresmx.pdf?la=es&vs=3923

https://lac.unwomen.org/es/digiteca/publicaciones/2020/03/covid-como-incorporar-a-las-mujeres-y-la-igualdad-de-genero-en-la-gestion-de-respuesta

 

Sakana bizi eta lan 2020+

-https://www.sakanagaratzen.com/imagenes/documentos/sakana2020-azkeneko-bertsio-17-eu.pdf

 

 

 

 

Bilatzailea