Yolanda Olasagarre Mendinueta
Arbizu
Irakasleen prestatzailea
Telelanari buruz hitz egitean, batez ere, etxetik edo urrutitik lan egiteko aukeraz arituko naiz, eta urrutitik egin daitekeen lan mota horretaz, jakinda, oraindik ere, gure inguruan praktika berria dela eta ñabardura ugari dituela.
Sakanan bizitzeko aukera sustatzeko zergatik bultzatu beharko genuke telelana? Zer ondorio mesedegarri izanen lituzke Sakanarako eta sakandarrendako? Nola uztar ditzakegu ikuspegi globala (lurraldea eta hortik gorakoak) eta lokala (herriak eta eskualdea)?
A- Telelanak garraio kilometroak eta denbora gutxitzea ekarriko lituzke: batetik, zuzen-zuzenean herritarren mesederako (ikuspegi lokala) izanen litzatekeena eta, bestetik, garraioak aldaketa klimatikoan (ikuspegi globala) duen eragin kaltegarria gutxituko lukeelako.
Ez dakigu zenbat sakandarrek lan egiten duen eskualdean, zenbatek eskualdetik kanpo, eta zenbat lagun etortzen diren lanera Sakanara. Sustatu beharreko politikak zehazteko nahitaezkoa litzateke informazioa hau eskura izatea, eta horretan ahalegin berezi bat egin beharko litzatekeela iruditzen zait.
Datu zehatzak eskuan izan gabe, eta Nafarroako Funtzio Publikoak prentsa bidez adierazi duen proposamena kontuan hartuta (3 egun etxetik –urrutitik-, 2 lantokitik), simulazio ariketa txiki bat egin genezake: Iruñea, Gasteiz, Donostia, Goierrin lan egiten duen Sakandar batek eguneroko joan etorrian 70km inguru egiten ditu. Lehen aipaturiko 3:2 araua ezarriz gero, eta Sakandarren % 1a telelanean hasiko balitz, urtean ia 2.000.000km aurreztuko lirateke. Zer pentsatua ematen du.
Kilometro horiek gutxitzeak kontsumoari lotutako beste maila bateko ekonomia eraginak ere baditu erregai gutxiago kontsumitzea, kotxe gutxiago saltzea, beste toki batzuetan pintxo gutxiago kontsumitzea, eguneko zenbait menu desagertzea... Halere, trantsizio energetikoa aurrera eraman behar badugu, bizitzak birmoldatzeko bidean esperimentazio aukera izan daiteke.
Hori horrela, harrigarria da, Trantsizio energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Foru Lege Aurreproiektuaren zirriborroan, (2020/06/10 bertsioa) bai eta Nafarroa Suspertu egitasmoan telelanak duen aipamen urria.. Ikusitakoak ikusita, telelanak toki gehiago izan beharko lukeela uste dut.
Energia eta isurien gutxitzeaz gain , garraio denbora aurreztuko genuke eta horrek lituzkeen onurak herrietako biztanleon bizi kalitatean.
B-Telelana bultzatzeko bigarren argudioa lurralde oreka sustatzea litzateke. Nafarroan herrian bizitzeko aukera (lokala) sustatzen bada, errazago mantenduko dira herriak bizirik eta populazio dentsitatea ez da bakarrik hiriguneetan bilduko (globala). Horretarako herritarrendako bizimodu eta egitura sozial interesgarriak eta erakargarriak mantendu eta sustatzearekin batera zenbait egunez telelana egitea pizgarria izan daiteke.
Horregatik, lurraldea egituratzeko eta despopulazioari aurre egiteko, belaunaldi berriak herrietan bizitzen gelditzeko baldintzak jarri beharko genituzke: lanaren kasuan telelana egiteko aukera ezinbestekoa litzateke eta etxebizitzaren gaia, beste batzuen artean, oinarrizkoak lirateke.
D-Herrietan bizitzeko apustua egin duten pertsonen ibilbide profesionala zaintzea eta herrietako talentua zaindu, bultzatu eta aprobetxatzea, herrietan bizitzea eta zenbait ibilbide profesional garatzea aukera erreala izan dadin.
D-Telelanaren bidez herrietan jende gehiago bizi dadin sustatzen bada, horrek ere eragin onuragarria izan dezake beste zenbait sektoreren garapenean: lehenengo sektorea mantentzeko (lokala) eta horrek duen eragina lurralde horren ekonomian (globala), gure mendiak eta lurrak zaintzeko, ekosistemak mantentzeko…
Argudio edo gogoeta horiek, jakina, neurri hauek gauzatu ahala aztertzen joan beharko ginateke, bai kualitatiboki zein kuantitatiboki, neurri horien norabidea egokia den edo ez ikusteko.
Herrien tamainaren arabera segur aski egokitzapenak egin beharko dira, baina kontuan hartu behar dugu Nafarroan herri txiki asko ditugula eta horiek eskualdeka antolatuta daudela.
Telelanaren inplementazioan, besteak beste, kontuan hartu beharrekoak.
1-Gutxieneko kopuru batean bada ere, telelanaren berehalako inplementazioarekin hastea garrantzitsua litzateke eta hor Administrazio publikoak eredu izan beharko luke. Bidea egiten hasi beharra dago lurralde eta errealitate bakoitzerako ereduak sortu behar ditugu eta horietatik ikasi
Bestalde, telelanak ezarpena izan dezan, presentismoaren kultura batetik emaitzei loturiko beste baterako apustua egin beharko da eta horrek erakunde eta enpresen barne egituretan bestelako harremanak lantzea eskatuko du.
2- Modalitate desberdinak. Telelana etxetik egin daiteke, baina baita beste toki edo bulego batzuetatik ere, esaterako, herrietan bulego partekatuak sortu daitezke (coworking), enpresa desberdinetako langileak espazio komunetan bilduz. Bulego partekatu horiek bestelako harremanak sortzera ere eraman dezakete: herrikideen lanak ezagutzera; langileen arteko harremanak sortzera; hain modan dauden sinergiak bultzatzera… Nonbait ideia hau jada martxan dago Europako zenbait tokitan. Iñigo Dominguezek El Pais-en 2020/06/28an zenbait adituren hitzak jaso ditu: El paso cultural más importante es asumir que el lugar de trabajo ya es elástico, y una vez que empresario y trabajador lo aceptan se abren otras posibilidades: ni en oficina, ni en casa, sino en un lugar intermedio. Las empresas pueden llegar a acuerdos con espacios de trabajo compartido, incluso municipales, y así el trabajador no se mueve de su zona. “En Holanda hay cheques para coworking. El Estado subvenciona una parte y los pueblos se pelean por ver quién aporta más para atraer gente”, explica Celia Ferrero, vicepresidenta de la asociación de autónomos ATA. Es un enfoque para revitalizar barrios y áreas rurales.
3-Telelana eta kontziliazioa. telelanean aritzeak ez du esan nahi kontziliazioa de facto bermatuta dagoenik. Lan orduak eta zaintza/aisiari eskainitako denbora bereizi egin behar den heinean, lantokia beste nonbaiten baldin bagenu bezala, nahitaezkoa da kontziliaziorako zerbitzuak mantendu eta bermatzea.. Ezin dugu ukatu telelanak ordutegi malgutasuna eta garraioan aurrezten den denborak kontziliazioan laguntzen dutela, baina kontzeptuak bereiztea garrantzitsua da.
4-Telelanaren lan baldintzak. Lan baldintzez hitz egiten dugunean, besteak beste, ordu kopurua, baldintza ekonomikoak, oporrak, ordutegia, baliabideak eta abar mantentzea litzateke, noski, telelanaren oinarrian jarri beharko litzatekeena. Bestalde, garrantzitsua da lan denbora eta norbere denbora zorrotz banatzea. Lan mota honek duen arriskuen artean egun guztian konektatua egotearena dago, edozein ordutan posta edo dei bati erantzutea betebeharra bihurtzea. Horren aurrean deskonexiorako eskubidea bermatzea denon onerako da.
Telelana defendatzeak ez du inolaz ere prekarietatea defendatzea esan nahi. Telelana langile askorendako aukera ona eta mesedegarria dela ulertuz, sindikatuekin batera denon ardura beharko luke telelanaren baldintza egokiak zehaztea eta erreibindikatzea. Administrazioak honetan ere aitzindari izan beharko luke, arauak eginez eta ereduak sortuz. Bestalde, enpresariek lan baldintza onekin ezarritako telelana lehiakortasuna hobetzeko aukera bezala ikusi beharko lukete.
5-Telelana eta gizarte harremanak. Telelanak harremanetan zein eragin izanen duen aztertu beharreko gaia dugun arren, horren norabidea zehaztea gure esku dagoela esango nuke. Lanpostu bakoitzean aurrez aurre egitekoak eta telelanean egin daitezkeenak zehaztuaz, langilearen neurrira egokitutako bi lan moduen alderik onenak uztartuko lituzkeen eredu mistoak garatzeko aukera legoke,
6-Formazioa. Gehienondako telelana gauza berria da, hortaz, formazioa ezinbestekoa da aurrera egiteko: telelanaren gaineko eskubideak, betebeharrak, kontrol neurriak, modalitateak ezagutzeko eta bidea egiteko.
Telelanaren gaineko ikuspegi, ñabardura eta arazo gehiago agertuko dira eta horiek aztertzen joan beharko genuke. Segur aski, hirietan bestelako ñabardurak izanen ditu, baina iruditzen zait aldaketa hau bideratzen hasi beharko dugula, berandu baino lehen, ze abantailak handiak direla ematen du.